Migrazioa

EAJk, EH Bilduk, PSEk eta EP-IUk Europari eskatu diote migratzaileentzat korridore humanitarioak sortzeko

Eusko Legebiltzarrean erregistratu dute legez besteko proposamena lau taldeek. Espainiako eta Frantziako agintariei galdegin diete Bidasoa ibaian tragedia berriak eragozteko neurriak har ditzatela.

Irungo Sareak deitutako giza katea, iaz. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko maiatzaren 20a
12:46
Entzun

EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk legez besteko proposamen bat erregistratu dute gaur Eusko Legebiltzarrean migrazioaren inguruko krisi humanitarioari buruz. Taldeek kezka agertu dute mugaren bi aldeetan dagoen krisi humanitarioarekin, bereziki Irunen (Gipuzkoa) gertatzen ari denarekin. «Muga tranpa hilgarria bihurtu da, eta benetako drama bizi dugu. Drama horrek pertsonen oinarrizko eskubideak errespetatzeko konpromiso humanitarioa batera berrestera behartzen gaitu, hainbat arrazoirengatik beren jatorrizko herrialdetik alde egitera erabakitzen baitute, bizimodu hobe baten bila», dio testuaren hitzaurreak. Lau taldeek konpromisoa agertu dute krisi humanitarioari aterabidea bilatzeko, «aukera guztiak» erabilita eta «erantzun arduratsua» emanez.

Testuan, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta EP-IUk Europako Batasunari eskatu diote migrazio eta asilo itun berriaren negoziazioen barruan korridore humanitarioak sortzeko beren herrialdeetatik ihes egiten duten migratzaileek «igarobide seguruak» izan ditzaten. Era berean, Europako agintariei –bereziki Espainiakoei eta Frantziakoei– galdegin diete Bidasoa ibaian eta haren inguruan tragedia berriak eragozteko neurriak har ditzaten, eta mekanismoak martxan jar ditzaten Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrinaren aurka doazen «arraza, kolore, jatorri edo identitateagatik» diskriminazio traturik ez izateko. Bide beretik, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote organo eskudunen aurrean eragin dezala, «diskriminazio traturik gerta ez dadin».

Espainiako Gobernuari, berriz, ondorengo eskaera egin diote: Europako Asilo Sistema Bateratuaren erreforma sustatu dezala, migratzaile guztien nazioarteko babeserako eskubidea bermatzeko eta pertsonak hiltzea eta desagertzea eragozteko.

Harrera egokia bermatzeko eskea
Beste puntu batean, legez proposamenaren sustatzaileek Eusko Jaurlaritzari galdegin diote igarobidean dauden migratzaileei harrera eta arreta egokia bermatzeko, migratzaileen administrazio egoera edozein dela ere, eta bereziki arreta jartzeko genero, adin, jatorri edo sexu orientazioagatik «kalteberatasun» egoeran daudenekin. Horretarako, lau taldeek iritzi diote beharrezkoa dela Jaurlaritzak bere harrera eredua «modu eraginkorrean» hedatzea, eta eskatu dute erakundeen arteko koordinazioaren buru izatea, migranteek errolda, osasun txartela eta eskubideak babesteko sistema unibertsalak eskuratzeko.

Ez hori bakarrik, erakundeen arteko lankidetzaren esparruan alde guztiei dei egin diete igarobidean direla Euskal Herrian hildako migratzaileen aberriratzeak arintzeko, eta horien kostua administrazio eskudunek bere gain hartzeko. Beharrezkotzat jo dute, halaber, migrazio arloko transferentzia eskuz aldatzea, era horretan Eusko Jaurlaritzak bere gain har dezan lan baimenen kudeaketa eta migrazioari lotutako bestelako esparruen ardurak.

Tau taldeek sinatutako ekinbidea osoko bilkuran eztabaidatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.