ADIERAZPEN ASKATASUNA

Monarkiaren aurkako adierazpenak despenalizatzea proposatu dute EH Bilduk eta ERCk

Gaur egun, sei hilabete eta bi urte arteko espetxe zigorrarekin zigortuta daude koroaren aurkako adierazpenak.

Espainiko koroaren aurka Sortuk antolatutako protesta bat. JAGOBA MANTEROLA/FOKU
2022ko maiatzaren 23a
20:23
Entzun

Espainiako koroari egindako irainak zigortzen dituen legea bertan behera uztea nahi dute EH Bilduk eta ERCk. Hain zuzen, hori aldatzeko proposamena egin dute bi alderdietako senatuko taldeek; azaldu dutenez, delitu horiek «zigor kodetik kentzea» da proposamenaren helburua —gaur egun sei hilabete eta bi urte arteko espetxe zigorra ekarri dezake koroari irain egiteak—. Bi taldeek adierazi dute «benetako demokrazia batek» bideak jarri beharko lituzkeela «pertsona guztiek beren ideiak askatasunez adieraz ditzaten».

Zehazki, Zigor Kodearen azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa da aldatu nahi dutena. Lege horren arabera, banderak erretzea eta monarkiaren aurkako protestak «delitua» dira, eta aipatutako zigorrak ezar daitezke. Bi taldeek Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren hitzak erabili dituzte eskaera justifikatzeko; horren arabera, estatu batek bere estatuburuaren ospea babesteko duen interesak ezin du justifikatu «estatuari berari informazioa emateko edo hari buruzko iritziak emateko eskubidearen aurka egitea». «Hori dela eta, Estrasburgoko Auzitegiak dio erregearen irudiak erretzea kritika politikoaren esparruan sartzen dela, eta adierazpen askatasunerako eskubideak babesten duela», adierazi dute.

Bide horretatik, iritzi eta adierazpen askatasunerako eskubidea ere defendatu dute: «Delitu bezala jaso beharrean, herritar guztiei dagokien adierazpen askatasunaren adibidetzat hartu beharko lirateke».

Izan ere, azken egunetan berriro piztu da koroaren gaineko eztabaida. Juan Carlos Borboikoak Sansenxora (Galizia) egin zuen bidaiak ekarri du, hain zuzen ere. Estropada batzuetan parte hartzera joan zen hara, azken urteetan xahututako eta atzerrian gordetako diruaren inguruan inolako azalpenik eman gabe. Babes oihuen artean hartu zuten; hala ere, egon ziren haren kontrako oihuak egin zituztenak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.