Txina

Txinako Polizia hackeatu, eta uigurren kontrako jazarpenaren datuak azaleratu dituzte

Zibererasoaren ondorioz, poliziek uigurrei ateratako 5.000 argazki baino gehiago gelditu dira agerian; irudiok 2018an ateratakoak dira. Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandataria Txinan da, giza eskubideen urraketak ikertzen saiatzeko.

Doktrinatzeko zentroetako ikasgeletako bat, artxiboko irudi batean. WU HONG, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko maiatzaren 24a
11:44
Entzun

Interneten zirrikituetatik eginiko erasoak are pitzatuago utzi du Pekinen kontakizunaren sinesgarritasuna. Txinako eskualde musulman Xinjiangeko atxilotze sistemari zibererasoa egin diote, eta begi bistan gelditu dira eremu horietan milaka uigurrek jasandakoak. Ilunetik argitara atera dira milaka irudi eta datu.

Argitara ateratako datuei so, inoiz baino demostratuago gelditu da Txinak doktrinatzeko eremuak baliatzen zituela uigurrei jazartzeko: Poliziaren barne kontrolerako argibideak argitaratu dituzte, bai eta atxilotuen zerrendak –izenak eta adinak barne– eta argazkiak ere. BBCk zabaldu duenez, 2018ko urtarriletik uztailera artean ateratako 5.000 argazki baino gehiago zituen bilduak Poliziak. Ondorioztatu dute atxilotuta egon zirela horietako 2.884 gutxienez.

Ikusi gehiago: Bachelet Xinjiango giza eskubideen urraketen salaketak ikertzen saiatuko da.

Informazio hori inoiz ikusi gabea zen, eta plazaratua izanak erdiz erdi jarri du kolokan, beste behin, gobernuak azken urteotan eginiko kontakizuna, kasik eraisteraino. Izan ere, Pekinek maiz nabarmendu du 2017tik Xinjiangen eraikita dauden esparruak «eskolak» baizik ez direla. «Xinjiango zentroak eskolak dira, eta helburua da jendeari laguntzea erradikaltasuna bazter uzten», adierazi zuen 2019an Txinako Gobernuko Kanpo Harremanetako ministro Wang Yik.

Ordea, eremu horietan erabilitako bortizkeriaren zantzu asko daude berriki eginiko argitalpenean. Besteak beste, atxilotze eremuetatik ihes egiten saiatzen zirenei tiro egiteko agintzen zitzaien kontrolaz arduratzen ziren poliziei, agirietan irakur daitekeenez.

GKEen arabera, 2016az geroztik etnia uigurreko milioi bat lagun pasatu dira doktrinatzeko zentroetatik —hamabi milioi pertsona bizi dira Xinjiangeko Uigur Eskualde Autonomoan—, eta 2018an bertan NBEk ere salaketa hori egin zuen, «txosten sinesgarriak eta ugariak» oinarri hartuta; zehazki, «epaiketarik gabe, torturatuta eta betiko itxita» zeuzkatela esan zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.