Kartzelan sartu dituzte lehengo astean atxilotutako ustezko hiru etakideak

Alaitz Areitio, Igor Igartua eta Aitor Lorente ostegunean atzeman zituzten Bagneres de Bigorre herriko etxebizitza batean. 2004an Frantzian poliziekin tiroketa batean parte hartu zuelakoan ere auzipetu dute Areitio.

2007ko ekainaren 12a
17:07
Entzun
Alaitz Areitio, Igor Igartua eta Aitor Lorente, lehengo ostegunean Frantzian Pirinio Garaietako Bagneres de Bigorre herriko etxebizitza batean atxilotu zituzten hiru euskal herritarrak, espetxean sartu dituzte epaileek, ETAko kide direlakoan, eta armak eta agiri faltsuak izateagatik. Areitioren agindua Laurence Le Vertek eman du, eta Igartua eta Lorenterena Houy Vetek. Bi hauek Fresnesen sartu dituzte eta Areitio Fleuryn.

Horretaz gain, kontrol batetik ihesi zela Frantziako poliziekin 2004ko urrian izandako tiroketa batekin zerikusia duelakoan auzipetu egin dute Areitio. Igartuari, berriz, jakinarazi diote iaz errebeldian epaitu ostean urtebeteko espetxe zigorra duela.

Askatasuna erakundearen arabera, "Poliziaren eskuetan izan diren bitartean tratua zuzena izan dela adierazi dute haiek. Areitiok eta Lorentek ez dute ezer jan".

Hiruren kontrako operazioan Espainiako Poliziaren laguntza izan zuen Frantziakoak.

ETAk su-etena bertan behera uztea erabaki ostean egindako aurreneko atxiloketak izan dira. Talde armatuak bere erabakiaren berri eman eta bi egunetara izan ziren, hain justu.

Askatasunak, "Euskal Herriaren kontra jarduteko den auzitegi bereziari eta euskal herritarren kontra aplikatzen dituzten lege bereziei aurre egiteko", manifestazioa antolatu du larunbaterako. Baionan egingo dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.