EH Bilduk «gardentasuna» eskatu dio Madrilgo gobernuari trafiko eskumena atzeratzeko arrazoietan

«Arrazoi teknikoak» direla eta, atzeratu egin da eskumenaren transferentzia, eta Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak eskatu du arrazoi horiek argitzeko. Pozuetak atzerapena justifikatzeko bi hipotesi planteatu ditu.

Bel Pozueta EH Bilduko diputatua, artxiboko irudi batean. KIKO HUESCA / EFE
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko maiatzaren 25a
13:23
Entzun

«Gardentasuna». Hori eskatu dio gaur Bel Pozueta EH Bilduko diputatuak Isabel Rodriguez Espainiako Lurralde Politikako ministroari, Diputatuen Kongresuan. Izan ere, Nafarroak 2021eko abenduaren 31n eskuratu behar zuen trafiko eskumena, baina atzeratu egin zuten, «arrazoi teknikoak» direla eta. Hori horrela, Pozuetak eskatu dio Espainiako Gobernuari «ausarta« izateko eta «emandako hitza betetzeko».

EH Bilduko diputatuak adierazi duenez, urteak daramatzate egoera horretan. Izan ere, 2018ko urrian Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak agindu zion Uxue Barkos orduko lehendakariari Madrilek trafiko eskumena transferituko ziola. Orain, ordea, 2025ean espero dute akordioa izenpetzea. Pozuetaren arabera, transferentzia «ez da ez mesede, ez opari bat», herritarren eskubideei buruz ari baitira: «Gure eskubideak dira. Errespetatu eta bete beharreko eskubideak», hain zuzen.

Ikusi gehiago:Trafiko eskumenaren akordioa atzeratu egin dute Iruñeak eta Madrilek

Rodriguezek, berriz, azaldu du transferentzia hori «konplexua» dela, besteak beste, gai teknikoak, operatiboak eta aurrekontuari buruzko gaiak daudelako horren barruan. Horrela, nabarmendu du Espainiako eta Nafarroako gobernuak trafiko zerbitzua «hobetu» nahi duten bi administrazio direla, eta gaineratu du: «Borondate politikoa existitzen bada, transferentzia egongo da».

Diputatuaren arabera, baina, atzerapena bi gairen ondorio izan daiteke. Batetik, uste du Madrilen asmoa izan daitekeela Nafarroak bere gain har ditzala trafikoko Guardia Zibileko langileen kostuak, transferentzia osoa gauzatu arte. Bestetik, Barne Ministerioan Guardia Zibilak eragindako barne presioak egon daitezkeela uste du, eta horiek galarazi egiten dutela transferentzia sinatzea. Izan ere, Nafarroan 1.500 guardia zibil inguru daude, eta horietatik 189 bat arduratzen dira trafikoaz.

Lurralde Politikako ministroak, ordea, gezurtatu egin ditu Pozuetaren hipotesiak: «Transferentzia atzeratu egin zen beste transferentzia bat aurreratu genuelako, gutxieneko bizi sarrerarena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.