Trafiko eskumenaren akordioa atzeratu egin dute Iruñeak eta Madrilek

Remirezen iritziz, «oso aurreratuta» dago bi aldeen arteko negoziazioa. Transferentziaren prozesua «2024 eta 2025ean artean» burutuko da

Foruzaingoaren kontrola, Milagron. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2021eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Abenduaren 1ean zen sinatzekoa trafiko eskumenaren inguruko akordioa, baina oraingoz ez da posible izango. Atzeratu egin dute bi aldeek, Espainiako zein Nafarroako gobernuek. Irailaren hasieran, arrandia handiz egindako iragarpenean, eman zuen abenduko data Nafarroako Gobernuak, baina atzo Javier Remirez presidenteordeak jakinarazi zuen oraindik ere «kontu batzuk» daudela lotzeko, eskumenaren inguruko Transferentziaren Batzordea bildu aurretik. Haren esanetan, akordioa «aurki» izango da, baina ez zuen beste egunik eman.

Dagoeneko, atzerapen handia darama trafiko eskumenaren eskualdatzeak. 2018ko urriaren 31n, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak zin egin zion Uxue Barkos orduko lehendakariari 2019ko foru hauteskundetarako eskumen hori transferituko zuela, baina hiru urte eta hilabete bat iragan dira geroztik. Aldarrikapen historiko hori lortu gabe jarraitzen du Nafarroak: 1928tik 1960ko hamarkada hasierara arte, bere gain izan zuen errepideen zaintza harik eta diktadurak bere gain hartu zuen arte,

Dena den, Remirezek lasaitasun mezua eman zuen atzo. Haren esanetan, negoziazioetan «oso aurreratuta» daude bi aldeak, eta «kontu teknikoak» baino ez dira falta. Akordioa gauzatzen denean, hiruzpalau urteko trantsizioa izango du Nafarroak errepideen kontrolaren ardura osorikhartu arte. Remirezek espero du transferentzia prozesua burutzea «2024ko abenduaren 31 eta 2025eko abenduaren 31 bitartean».

189 guardia zibil, trafikoan

Remirezek iragarri zuen bi gobernuek lotua dutela eskumena bere gain hartzeak zenbateko kostua izango duen, eta, ondorioz, zenbat diru gutxiago pagatu beharko dion estatuari urtero ordaindu beharreko ekarpenetik.

Negoziazioaren puntuetako bat da zer gertatuko den egun trafikoan aritzen diren 189 guardia zibilekin. Nafarroako Gobernuak uste du 149 foruzain gehiago behar dituela, baina, Remirezek atzo zehaztu zuenez, hala nahi duten guardia zibilei «pasabide bat» ezarriko zaie foruzain egin daitezen. 2022ko aurrekontuaren lege proiektuan, xedapen bidez kreditu bat ezarri da foruzain berriei soldata eta guardia zibilei osagarri bat pagatzeko, egun kobratzen duten diruarekin alderatuta aldea konpentsatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.