Memoria

Ekainaren 18rako «ospakizunez eta aldarrikapenez» beteriko eguna prestatu du Bizkaia Hari Gorriak

Aurten 85 urte beteko dira Bizkaiko frontea erori zela, baina Bizkaia oraindik ere hainbat borrokaren «subjektu aktibo» dela adierazi du herri dinamikak.

Bizkaia Hari Gorriaren agerraldia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Enzunza Mallona.
2022ko maiatzaren 25a
18:29
Entzun

Joan den martxoan sortu zen Bizkaia Hari Gorria herri dinamika, efemeride baten inguruan. Izan ere, aurten 85 urte beteko dira Bizkaiko frontea erori zela. Memoriaren fokua zabaldu eta hari segida emateko konpromisoa duten hainbat partaidek osatzen dute dinamika, eta datorren ekainaren 18an «ekimen nagusia» egingo dute, Bilbon. Areatzatik abiatuta, egun osorako egitaraua prestatu dute, eta, ospakizunez gainera, «aldarrikapen eguna» ere izango dela nabarmendu dute gaur Bilbon egindako agerraldi jendetsu batean: «Balio handia du nondik gatozen jakiteak nora goazen jakiteko».

Herri dinamikako kideek nabarmendu dutenez, Bizkaia borroken lurralde izan da azken 85 urteotan, «subjektu aktiboa». Eta horri «puntada berri bat» eman nahi diote dinamikaren bitartez: «Izen barik joan ziren horiengandik gaude gu hemen». Azken 85 urteetako marko historikoei esker «irakasgai ugari» lortu dituztela adierazi dute, baina gogoratu dute eskuin muturreko «gorroto ideiei» aurre egiteko «lubakiak» badaudela oraindik ere: besteak beste, xenofobia, arrazismoa, homofobia eta matxismoa. «Sufritzen dakigunak gara, historiak hainbat aldiz erakutsi digun bezala. Baina ez dugu etsitzen; mila eta bat aldiz altxatzen dakigunak ere bagara eta», adierazi du Ibai Alzagak, herri dinamikako kideetako batek. Eta horrek esperantzaz betetzen ditu: «Euskal errepublikaren eraikuntza eskubide guztien jabe diren pertsona askeez egitera goaz».

«Harrotasuna eta aukera»

Ekainaren 18a «ospakizun eta aldarrikapen eguna» izango dela nabarmendu dute Bizkaia Hari Gorria plataformako kideek: «Ospakizun eguna, borroken lurralde honetako partaide izateak harrotasuna ematen digulako; eta aldarrikapen eguna, herri gisa erronkei erantzutea delako dugun aukera emankorrena». Hitzordu nagusia 17:30ean izango da, Areatzan, eta handik mobilizazioa egingo dute. «Jendetsua, alaitsua eta konbatiboa izatea nahi dugu: hari gorriak segida izango du, eta borroken lurraldea izaten jarraituko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.