Jaialdia

Zorion eta ilusio eztanda, mantangorriaren milagarrena ospatzeko

BERRIAk haurrentzako argitaratzen duen Mantangorri gehigarriak mugarria pasatu du: 1.000 zenbaki. Jai batekin ospatu dute eginiko bidea, Txillida Lekun.

2022ko maiatzaren 26a
16:21
Entzun

Euskaldunon Egunkaria-ren Xingola gehigarriaren lekukoa hartu zuen Mantangorri-k, 2003ko ekainaren 28an. BERRIA egunkaria jaio eta astebetera hegaldatu zen lehenengo marigorringoa. Gaur, ospakizun eguna du haurrentzako gehigarriak, 1.000. zenbakia argitaratu duelako.

Ikusi gehiago:Argazki bilduma: Mantangorritu festa.

Hamaika urte, eta mila zenbaki. «Baina hori asko da, ama?», galdetuko du baten batek. Bada, egin kontuak: mila zorion agur orrialde izango dira, beharbada. Horietako bakoitzean 4-6 ume zoriontzeko mezuak agertzen badira normalean, agian 6.000 haurrek jaso dute agurra Mantangorri-ren orrialdeetatik. Agian esaten dugu, inork ez dituelako banan-bana zenbatu, eskuetako hatzak eta oinetako behatzak gutxi direlako hori guztia nahastu gabe zenbatzeko.

Ziurrenera, 1.000 elkarrizketa inguru izango dira: kirolariak, marrazkilariak, bertsolariak, asmatzaileak, zientzialari eroak, erizainak, sendagileak eta bestelako benetako superheroiak...

Mila denbora-pasa orri izango dira: dozenaka mila puntu marrazkiak osatzeko, Lotu puntuak sailean. Dominoak, zenbakien segidak, labirintoak... Dozenaka poster, ziurrenera, gelako paretan sartzen direnak baino gehiago. Aukeratu behar.

Eta esperimentuak? Marikalanbre zientzialariak ehunka esperimentu erakutsi ditu Irrien Lagunak klubaren tartean.

Eta Belardo eta adiskideen ehunka abentura atera dira, Mattin marrazkilariaren tartean.

Adibide batzuk besterik ez dira. Askoz gauza gehiago dago. Mila amandre gonagorriek dituzten adina pinporta, Mantangorri gehigarria egiten duten sortzaileek aurrekoan azaldu zuten bezala.

Mantangorrizaleak ere milaka dira, eta horietako mordoxka bat bilduko da gaur Txillida Lekun (Hernani, Gipuzkoa), 1.000. zenbakia ospatzeko prestatu den jaialdian. Izan ere, sarrerak amaitu dira, tokiak muga duelako.

Hasierako aleak irakurri zituzten haurrek 20 urteren bueltan izango dituzte gaur. Haiek, gaurko irakurle gazteak, sortzaileak eta gurasoak bilduko dira gaur, eskulturaz inguraturiko belardi ederrean. Belardo etxean bezala egongo da, beste mila zenbaki egiteko indarrak metatzen.

Ikusi gehiago: Zaleekin, mila zenbaki

Egitaraua

09:30: Harrera.

10:15: Juan Kruz Igerabide, ipuin kontalari.

11:00: Ipuin kontalari musikatua: Ameli eta Xirrikituen Jostunek.

11:00: Antzezlan musikatua: Meri, Mari eta Lari.

12:00: Ilustrazio lantegia, Ainara Azpiazu Axpi eta Aitziber Alonsorekin.

13:00: Asier Kidam magoa.

14:30: Amaiera, Irrien Lagunakeko Tiritatxo eta Martinberrekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.