Energia

Petronorrek bi urte barru martxan nahi du erregai sintetikoen planta

103 milioi euroko inbertsioa egingo du, eta dagoeneko eraikitzen hasi da. Bilboko portuko deskarbonizazio nukleoko lehen azpiegitura izango da.

Iñigo Urkullu Lehendakaria lurra botatzen Petronorren planta berriaren lehen harriaren gainean. MIGUEL TOñA / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko maiatzaren 27a
13:04
Entzun

Bilboko portuan martxan jarri asmo duen deskarbonizazio nukleoa eraikitzeko prozesua hasi du Petronorrek. Erregai sintetikoen plantak eta hiri hondakinak pirolisi bidez energia bilakatzeko proiektuak osatuko dute lehen azpiegitura. Egitasmoak 103 milioi euroko kostua izango du, eta hemendik bi urtera lanean hasita egotea da erregai konpainiaren asmoa. Hidrogenoaren euskal korridorearen katebegi garrantzitsuenetakoa da, eta Petronorrek Jaurlaritzaren babesa eta Kutxabanken finantzaketa lortu ditu proiektua bultzatzeko.

Petronorren 67 milioi euroko inbertsioa egin zuen Bilboko portuan 46.700 metroko koadroko orube bat erosteko, eta bertan egin dute lehen harria jartzeko ekitaldi sinbolikoa. Hiru faseko egitasmo bat da, eta, Emiliano Lopez Atxurraren iritziz, proiektu horrek «etorkizunera» eramango du portua. «Trantsizio energetikoa ez da esprinta, maratoia baizik, eta oinak lurrean ditugula egin behar dugu. Ezin dugu egin CO2 emisioak atzerrira bidaliz eta industria urrunduz».

Plantan erregai sintetikoak ekoitziko ditu Petronorrek, eta, Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariaren iritziz, ezinbestekoak dira CO2rik isurtzen ez duten erregai likidoak: «Elektrifikazioa garrantzitsua da, baina dena ezin da elektrifikatu: hegazkinak, itsasontziak, industria astuna, porlanarena… horiek erregaiak behar dituzte, eta hori egin nahi dugu findegi honetan». Imazek azaldu du prozesua. Industriatik sorturiko CO2dun likidoak gorde egiten dira lehenbizi, Petronorrek petrolio findegikoak adibidez. Haiek karbono monoxidora murritzen dira (CO), eta plantan bertan egongo den 10 MWko elektrolizagailu batekin sorturiko hidrogenoa gehituko diote –energia berriztagarriekin uraren osagaiak banatuz—, eta hidrokarburo bat sortu, «hegazkinek kutsatu ez dezaten». Bultzatzaileen arabera, plantak 18.000 upel erregai sintetiko ekoitziko ditu lehen urtean, Bilbo eta Madril arteko hegaldiek urte batean erabiltzen duten erregai kantitatea.

Imazek sutsu hitz egin du erregai sintetikoen alde; besteak beste, petrolio konpainia bateko zuzendaritzako kide delako: «Elektrifikazioaren alde bakarrik apustu egiten badugu, beste menpekotasun energetiko baten menpe egongo gara. Orduan, Txinako materialak eta lur arraroek baldintzatuko gaituzte». Era berean, Atxurrarekin bat egin du CO2 igorpenen esportazioa kritikatzean: «Gure CO2 isuriak murrizten ditugu, baina Txinara bidaltzen ditugu. Txinako altzairutegiek Europa osokoek baino CO2 gehiago isurtzen dute, eta lurraren beroketa mundu mailako auzi bat da».

Kutxabanken finantzaketa du proiektuak, eta, besteak beste, EVEren, Enagasen eta Aramco Saudi Arabiako enpresaren laguntza teknologikoa. Bultzatzaile guztiek, dena den, nabarmendu dute proiektua ezinezkoa zatekeela Eusko Jaurlaritzaren babesik gabe. Haren izenean, Iñigo Urkullu lehendakariak gogoratu du EAEk «lider» izan nahi duela trantsizio energetikoan, eta eraginkortasun energetiko handiena duten «Europako lau herrialdeetako bat» izan asmo duela. Halaber, azaldu du trantsizio energetikoa «aukera bat» dela, baina batez ere «premia» bat dela: «Nukleo hau lehen pausoa da, baina gehiago etorriko dira». Hidrogenoaren euskal korridorea, esaterako, 1.300 milioi euroko egitasmo bat da, eta 2026rako hidrogenoa banatu ahal izatea du helburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.