Albistea entzun

Oumoul Bah Dialli

«Guk geuk izan nahi dugu geure bizitzen protagonistak»

Kairaba elkartea sortu dute lau emakumek Nafarroan, andre afrikarren ahalduntzea asmo nagusi. Argi dute oraindik asko direla «beltzak izateagatik» irauli beharreko diskriminazio egoerak.

Idoia Zabaleta / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Rey Gorraiz - Nafarroako Hitza -

2022ko maiatzak 29 10:05

Fatima Djara, Maya Liwonde, Farmata Watt eta Oumoul Bah Dialli. Lau emakumezko, Afrikatik etorriak laurak, eta desio bat buruan: andre afrikarren trabak lautzea, berdintasuna erdiesteko. Kairaba elkartea sortu dute Nafarroan; Bah Dialli da burua.

Zertarako sortu duzue Kairaba?

Helburua garbia da: mundu justu bat nahi dugu, librea, non emakume eta neskato guztiak izaten ahalko garen geure bizitzen protagonistak. Bestalde, guk beti nabarmentzen dugu Kairaba lorehosto bat dela, Flor de Africa mugimendutik jaioa delako. Kairabakoek han ezagutu genuen elkar.

Oro har, ez zarete sentitzen zuen bizitzen jabe?

Oraindik ez. Adibidez, konturatzen gara Afrikakoak ez direnak aritzen direla kontinenteari buruz hizketan. Harrigarria da. Are gehiago, gu geu ere ez gara nor hori egiteko. Ezin dugu Afrikari buruz hitz egin, ez behintzat hura osotasunean hartuta. Nork bere herrialdeari buruz hitz egin behar luke, gehienez ere: ni Ginea Conakryri buruz aritu naiteke, bertan sortua naizelako; Fatimak berdin egin dezake Ginea Bissaurekin, Mayak Malawirekin, eta Farmatak Senegalekin.

Zer daki jendeak, oro har, Afrikari buruz?

Gutxi, eta sekulakoak aditzen ditugu, egia esan. Inor ez litzateke harrituko norbaitekin topo egin eta hark esanen balio: “Jada ezagutzen dut Afrika, Senegalen izan naiz safari batean”. Bada, ez. Gainera, inportantea iruditzen zaigu Afrikaren gauza onei buruz ere hitz egitea, ez soilik Afrikako miseriaz.

Jatorriak aipatu dituzu: zein da Flor de Africaren muina?

Babes sare bat da. Elkartzen gara, eta gure artean hitz egiten dugu, behar dugun guztiaz. Negar egin behar badugu, egiten dugu negar. Zerbait ospatu beharra badugu, hori ere egiten dugu. Elkar laguntzen dugu, hori baita gakoa.

Kairaban, lan munduan laguntza eskaintzeari eman diozue garrantzia, batik bat. Zergatik?

Diskriminazio izugarria dago. Afrikarrak izanda, beltzak, beti begiratzen digute errukiz, eta lan gehienetarako ez digute aukerarik ematen. Besteek bezain ongi edo are hobeki egiten ahal ditugu gauza asko, izan hemengoekin alderatuta, izan etorkinak baina azal zurikoak direnekin konparatuta, baina azalari begiratzen diote. Guk zera defendatzen dugu: norbaiti ezetz esan baino lehen, saiatu pertsona hori ezagutzen.

Kristalezko sabaia izan ohi dute emakumeek. Andre beltzentzat, sabaia hormigoizkoa da?

Bai, alde askotatik. Adibidez, kontratatzen gaituztenek ez dute nahi izaten jendaurrean lanean ari dena beltza izatea. Ordea, segi sukalde batera, segi garbiketarekin lotutako norabait, eta orduan, bai, emakumezko beltz mordoa ikusiko duzu. Zergatik ez da berdin jendaurreko lanetan? Zein da aitzakia? Askok ikasketak ere badituzte, bertakoek adina.

Aurreikusi duzue horren kontrako neurri zehatzik?

Ahalduntze tailerrak egiten ditugu, besteak beste. Oinak lurrean izan behar dira, baina, aldi berean, ezinbestekoa da autoestimua izatea. Inguruak hala gutxiesten zaituenean, ez da harritzekoa zuk zeuk ere hori egitea azkenerako. Batzuetan, norberak ere hondoratzen du bere burua.

Nekeza da horren aurka egitea?

Oso. Besteek baino aski gehiago demostratu behar izaten dugu, gehiagotan erakutsi behar izaten dugu balio dugula; gehiago eman.

Beste ardatz bat ere baduzue Kairaban: hezkuntza. Zein duzue erronka esparru horretan?

Sarri, familia afrikarrei leporatzen zaie ez dutela behar adina parte hartzen seme-alaben hezkuntzarekin lotutakoetan. Bi aldeen arteko komunikazioa beti ez da ona. Profesionalek gogoa erakutsi behar dute gure kezkak aditzeko, pazientzia ere behar da batzuetan. Ulermen arazoak daude.

Horrek zer dakarkie ikasleei?

Unibertsitate batean sartzean, nekez aurkituko duzu mutiko beltz bat, neskato beltz bat. Asko pauso hori eman gabe gelditzen dira, familiek ez dutelako behar adina informazio jaso lehenago. Badaude batzuk ez dakitenak beren seme-alabak ere joan daitezkeela unibertsitatera, diru aldetik estu izanda ere. Inork argiki, behar bezala, esplikatu ez badizu, ez dakizu bekarik lor dezakezun ere. Iruditzen zait batzuetan zentroek ez dutela borondate handirik izaten komunikazioan sakontzeko, ezta instituzioek ere. Ping-pongeko pilotak bagina bezala, batetik bestera bidaltzen gaituzte.

Nafarroako Gobernuaren babesa jaso berri duzue, akordioa sinatuta. Zein da bide orria orain?

Jasotako diru laguntzak Dental programa finantzatzeko balioko du. Programaren izena peul hizkuntzako hitza da, esanahi ederrekoa: “Elkarrekin parte hartzen dugu, elkarrekin hazten”. Kulturarteko bizikidetza sustatuko dugu, jatorri afrikarren eta emakume autoktonoen arteko harremanak indartuz. Irakurle klubak eta sukaldaritza saioak antolatu ditugu, besteak beste.

Zer esan nahi du Kairaba hitzak?

Mandikerazko hitza da; poza esan nahi du. Hain zuzen, hori da gure esperantza, eta horregatik jarri diogu izen hori. Helburu hori izanda, borroka eginen dugu, guk geuk. Ez dugu itxoingo beste inork gure partez egin dezan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

UEMAko herrietarako udalen ordezkariak, atzo, Azpeitian. ©JON URBE / FOKU

UEMAk egiturazko neurriak eskatu ditu euskararen erabilera sustatzeko

Irati Urdalleta Lete

Ehun herriko langa gainditu du, beste lau herri onartuta: Arrankudiaga, Arruazu, Doneztebe eta Etxebarria. UEMAk Euskal Herri euskaldunaren orubeak sendotzeko konpromisoa hartu du

Hezkuntza Plazara elkarteko ordezkariak, atzo, Donostian eginiko agerraldian. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Plan pilotu bat» galdegin dute, euskal hezkuntza sistemaren bidean

Ion Orzaiz

Hezkuntza Plazara-k elkarlana sustatuko du, hezkuntza proiektua, euskalduntzea eta euskal curriculuma bilduko dituen bide orria lantzeko

Ekitaldia atzo, Azpeitian. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Pasaiako segada argitzeko eskea egingo diote Jaurlaritzari

Gurutze Izagirre Intxauspe

Biktimen senideek sumina adierazi dute «hiru urteko lana lapurtu dietelako». Etzi, sarraskian parte hartu zuten polizietako bat identifikatzeko proba egingo dute auzitegian

Immigrazio lege proposamen berriaren aurkako afixa itsatsi zuten Baionako herriko etxe aitzinean. ©GUILLAUME FAUVEAU

Dozenaka lagun bildu dira Baionan immigrazio lege berriaren aurka

Garazi Aduriz Zuñeda

Legeak ukango lituzkeen ondorioen berri eman, eta zakarrontzi batera bota dituzte. Migrazio politika duin bat» ukan dute aldarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.