Ibai Zabala Gandarias
Pilota

Kamarada

2022ko maiatzaren 30a
13:15
Entzun

Nafarroan jokatzen zen lehen buruz buruko finalak merezi zuen halako festa erraldoi bat: zita Euskal Herriko hiriburuan, kantxan nafar bi txapel preziatuaren lehian, harmailak leporaino beteta (3.000 pilotazale), eta ikaragarrizko festa giroa frontoian. Finala nafarroarena, Nafarroa Arenan. Gidoi ederragorik ezin idatz zitekeen.

Rock izarrik handienen antzera atera ziren kantxara foko pare batez argiztatutako frontoi ilunean barrena bi protagonistak: Joseba Ezkurdia Galarraga eta Unai Laso Lizaso. Gorputzak eta eskuak ondo berotu ondoren, 18:25ean egin zuten leon-kastillo, sakea nork aterako zuen jakiteko. Gorri, Josebarentzat.

Lehenengo bi tantoak ikaragarri gogorrak izan ziren; gozatzekoak pilotazaleentzat, sufritzekoak eta, era berean, partidan ondo sartzekoak pilotarientzat. Tanto bi horietan defentsan jardun zuenarentzat izan zen kintzea, 20 eta 16 pilotakada joz, hurrenez hurren. Partidako hirugarrena ere oso gogorra, beste 16 pilotakada. Hiru tanto soilik jokatuta, hutsik gabeko hiru lehia gogor eta 52 pilotakada. Nire bostean pentsatu nuen: gaurkoan fisikoki lehertzen den lehenak galduko du partida. Bada, oker nenbilen; momentu hartatik aurrera hasi zen Lasoren erakustaldia eta, horrekin batera, Ezkurdiaren ezina.

Ikusi gehiago: Lasok esan du «arantza kendu» duela

Unaik bikain jokatutako eta Josebak huts egindako tanto batzuen ondotik, artean 3-9 zihoazela laburregi sakatzeagatik egindako falta bat, konturatu orduko lehen atsedenaldira iritsi ziren: 3-12. Saiatu zen Ezkurdia atsedenalditik bueltan tantoa eginda partida iraultzeko imintzioa egiten, baina sakez beste falta egin zuen, bigarren hura luzeegi ateratzearren, eta momentu hartatik aurrera etorri zen Unai Lasoren bigarren joko erauntsia. Sakez, buruz gain pasatuz, ezker gantxoz, bolea txapa gainean goxo pausatuz... era guztietako tantoak egin zituen, harik eta ezker horman pilota sartuz 22. tantoa egin eta txapeldun bilakatzea lortu zuen arte.

Lehertu zen momentu hartan Nafarroa Arena; lehertu Unairen erraiak; lehertu haren ingurukoen ahots kordak; eta, seguru asko, baita tristeziaz bete Josebaren eta haren zaleen barrenak ere. Finalek, hil ala biziko lehia gehienek bezala, hori ere baitakarte berekin: irabazleak eta galtzaileak; pozak eta tristurak.

Ezin dezaket ezkuta Joseba Ezkurdiari zor diodan begirunea, kirolari aparta, pilotari bikaina eta pertsona are bikainagoa baita. Gogora ekarri behar da lau eta erdiko bi txapel eta binakako beste bi bereak dituela, eta hori oso gutxik esan dezakeen zerbait dela. Badakit saminez betetako momentu hauetan ezer gutxirako balioko diola berari hori gogora ekartzeak, berak herenegun galdutako aukera izango baitu buruan segur aski. Baina animo, Joseba; pilotak emango dizu zor dizun txapel hori, eta bestela zure ingurukoek jarriko dizute, lasai.

Eta Unai Lasoz zer esan gaur arte esan ez denik; kantxan gozatzen eta pilotazaleak bere jokoarekin gozarazten dabil: ezker-eskuin pilota bikain eskuan sartu, hankak dantzariek bezain azkar mugitu, aukerarik txikienean tantoa bukatu... dena zuen eta dena dauka pilotari handi bat izateko aurrerantzean ere.

Aspaldiko partez Baikoren alderako bidea hartu zuen txapelak igandean eta duela urtebete, enpresak kalean utzi zuelako, afizionatuetan jokatzen zebilen bera, hiru final nagusiak errenkadan kateatuta, buruz buruko txapeldun dugu gaur. Eta berarekin batera bazterrera utzi zuten atzelari bikain hura, Jon Mariezkurrena Zelaia, aulkian euskara hutsean botileroaren papera bikain betez eta egungo atzelaririk onenetariko bat dela erakutsiz. Hamaika arratsalde eta gau gogoangarria eskainiko dizkigute datozen urteetan biek ala biek. Zorionez.

Hertzainak taldeak, 1984. urtean atera zuen kanta batean, hau abesten zuen: nola aldatzen diren gauzak, kamarada. Eta hala da, gauzak goitik behera aldatu dira; eta bai, garai amesti batez hori izan ginen, kamaradak. Eta merezi izan zuen.

Bejondeizula, Unai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.