Lasok esan du «arantza kendu» duela

Buruz buruko txapeldunak esan du «gustura» jokatu zuela finala, eta orain «errekuperatzeko» garaia dela

Unai Laso buruz buruko finaleko txapela eskutan, Atsoainen (Nafarroa). IÑIGO URIZ / FOKU
Olaia L. Garaialde.
2022ko maiatzaren 30a
16:10
Entzun

«Oraindik barneratzen ari naiz; parranda ederra egin genuen atzo, eta errekuperazioa eta oporrak datoz». Hitz horiek esanez hasi du Unai Laso buruz buruko txapeldun berriak gaur eguerdian Antsoainen (Nafarroa) egindako agerraldia. Hirugarren saiakeran lortu du txapela janztea, eta partidarekin «oso pozik» dagoela esan du: «Arantza kendu dut».

Lasok 22-7 irabazi zion Joseba Ezkurdiari finalean; irabazteko gakoak zeintzuk izan ziren azaldu du: «Eskuinarekin oso ondo gozatu nuen, eta ezkerreko paretara pilota asko eraman nituen». Horrez gain, arreta osoz jokatu izanak ere lagundu duela esan du: «Oso kontzentratuta nengoen, ez nintzen partidatik atera».

Ikusi gehiago:Ibai Zabala Gandarias: 'Kamarada'

Ez du partida osorik ikusi, baina tanto batzuk ikusteko aukera izan du: «Ikusiko dut; oso egun polita izan zen, jende asko egon zen frontoian, gertuko asko, eta horrek pozten nau». Eguneko unerik onena zein izan zen kontatu du: «Irabaztean jendeari begiratzea eta maite zaituen jendea asko ikustea ederra da».

«Burua zein gorputza» landu ditu, eta txapela irabaztea «urte osoan egindako lanaren emaitza» dela dio: «Urte osoa daramat eskuinarekin ondo gozatzen, ariketa fisikoa eta entrenamendu onak egiten». Datozen egunetan atseden hartuko du, eta oporretatik bueltan entrenamenduei helduko die berriz: «Egunero berdin entrenatuz aterako dira gauzak».

Urtebete pasatu da Laso profesionaletara itzuli zenetik; urte horietan buru-belarri entrenatzen zela azaldu du: «Egunero entrenatzen nintzen; profesionaletan nengoenean bezala». Garai horietan harekin egon zirenak izan zituen gogoan txapela janztean: «Momentu txarretan ere nirekin egon direnei eskerrak eman nahi dizkiet; ondoan egon diren guztiei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.