Ukrainako gerra

Errusiak gas hornidura eten die Herbehereei, eta baliteke Danimarka izatea hurrengoa

Errublotan ordaintzeko agindua ez betetzeagatik moztu die. Itsasoz jaso ahalko dute. Aurretik Bulgariari, Poloniari eta Finlandiari ere moztu die.

Gasa garraiatzeko hodien instalazio bat. PAWEL SUPERNAK (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko maiatzaren 31
11:35
Entzun

Errusiako Gazpromek baieztatu du Herbeheretako Gas Terra inportatzaileari hornidura moztu diola astearte honetan, hark errublotan ordaintzeari uko egin diola eta. Danimarkako Orsted konpainiak ere esan du mozketa baterako prestatzen ari dela, hark ere uko egin baitio Errusiako monetarekin pagatzeari.

Errusiak baldintza berriak ezarri dizkie Europako enpresei; besteak beste, Gazprombankekin kontu bat irekitzeko eskatu die, ordainketak errublotan egiteko, horrek lagundu egingo diolakoan bere dibisaren balioari eusten. Gazpromek dagoeneko geldiarazi ditu Polonia, Bulgaria eta Finlandiako hornidurak.

Ikusi gehiago: Errusiaren petrolioaren erdizkako enbargoa onartu du Europako Batasunak

«Gas Terrak ez ditu Gazpromen ordainketa aginduak onartuko», adierazi du Herbehereetarako konpainiak ohar batean. «Hori eginez gero, EBk ezarritako zigorrak hausteko arriskua izango genuke. Gainera, ordaintzeko modu horrekin arrisku finantzario eta operatibo ugari daude».

Europako herrialdeak zatituta daude Moskuk ezarritako betebeharrari dagokionez, eta energia konpainiak modu ezberdinean ari dira erantzuten. Tass agentziaren arabera, inportatzaileen erdiek kontuak ireki dituzte Gazprombanken. Besteak beste, Italiako Eni SpA eta Alemaniako Uniper SE erosle handiek esan dute irtenbide bat aurkitu dutela ordaintzeko, eta hornidurekin jarraitzea espero dutela.

Itsasoz bai

Hala ere, Moskuk hornidura moztu dien herrialdeek Errusiako gasa jaso dezakete oraindik, baina itsasontziz; hau da, gas natural likidotuan. Errublotan ordaintzeko eskariak Gazpromen hornidurei bakarrik eragiten die.

Herbehereekin zuen kontratua urrian amaitzen zen. Danimarkari dagokionez, luzeagoa da, baina esana zuen kontratuak baimentzen duen gehienezko kantitatea baino askoz gutxiago erosteko asmoa zuela.

Europa osoari begiratuta, eskari osoaren «zati txiki bat» baino ez dute osatzen bi herrialdeek, Stefan Ulrich Bloombergeko analistaren arabera. Azaldu duenez, merkatuan alternatibak aurkitzeak ez luke zaila izan behar. «Benetan gas kantitate txikiez ari gara, Europako oreka asko aldatuko ez duten aldaketez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.