Ingurumena

Munduko landarerik handiena aurkitu dute Australian: 2.000 kilometro karratu eta 4.500 urte ditu

Posidonia australis du izena landareak, eta urtez urte 35 bat zentimetro hazten da batez beste. Zientzialariak «zur eta lur» utzi ditu aurkikuntza harrigarriak.

Landare erradoiaren argazki bat, airetik. CHRIS GORDON
Nagore Arin.
2022ko ekainaren 1a
12:50
Entzun

Handia da, orain arte aurkitutako handiena: 2.000 kilometro karratu eta 4.500 urte inguru ditu, eta Australiako kostaldean aurkitu dute, Shark Bay badian. Zientzialariak txunditurik utzi ditu aurkikuntza harrigarriak. Kasualitatez topatu dute, ingurune horretan bizi diren landareen leheneratze proiektu batean: estudio genetikora bideratutako tresna batzuen bidez aurkitu dute, ingurune horretan hartutako 18.000 markagailu espezie berarena zirela ohartu direnean.

«Zur eta lur gelditu ginen», aitortu du Jane Edgeloe Proceedings of the Royal Society B aldizkari zientifikoan aurkikuntzari buruz argitaratutako ikerketaren buruak. UWA Mendebaldeko Australiako Unibertsitateak zabaldutako ohar batean aletu ditu aurkikuntzaren nondik norakoak: «Itsasoko belardietan dauden 200 kilometro karratuak landare kolonizatzaile bakar batetik hedatu direla dirudi». Posidonia australis du izena landareak: itsas belarraren antza du, arrunta da Australia hegoaldean, eta zuntz-bola belar ere esaten zaio.

Erresistentzia handia

Tamainagatik soilik ez, beste hainbat ezaugarriengatik ere bereizten da Posidonia australis bere familiako beste landareetatik; izan ere, Posidonia australis organismo poliploide bat da, eta, ondorioz, bere familiako beste landareek halako bi kromosoma ditu. Elizabeth Sinclair UWAko biologo eta landare ikusgarri horri buruzko ikerkuntzaren egileetako batek azaldu ditu haren ezaugarri askotarikoak.

Landare poliploideak ingurumen baldintza muturrekoak erregistratu ohi diren lekuetan bizi ohi dira, eta, askotan antzuak izaten diren arren, urtez urte hazten eta hazten jarrai dezakete, orain gutxi aurkitutakoak bezala. Zientzialarien esanetan, gutxi gorabehera 35 bat zentimetro hazi da urtez urte Australiako mendebaldean topatu duten hori, eta dagoeneko 2.000 kilometro karratuhartzen ditu. Ikertzaileek jakin ahal izan dutenaren arabera, 4.500 urte ditu landareak, eta urte horietan guztietan joan da zabalduz.

Organismoak bizi izan dituen ezaugarri klimatologikoei dagokienez, gorabehera askotarikoak izan dituela nabarmendu du Sinclair biologoak. «Erresistentzia handia duela dirudi, tenperatura, gazitasun eta muturreko argi baldintza askotarikoetan bizi behar izan baitu. Ezaugarri gorabeheratsu horiek oso estresagarriak izango lirateke landare gehienentzat», zehaztu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.