Bizimoduaren garestitzea

Hilean 9 euro ordainduta, alemaniarrek ia nahi bezala bidaiatu ahalko dute datozen hiru hilabeteetan

Bizitzaren garestitzeari aurre egiteko hartu du neurria Alemaniako Gobernuak. Garraio publiko guztia sartzen da planean, hirien arteko eta ibilbide luzeko trenak izan ezik.

Bidaiariak, eskualdeko tren bate ondoan, Spira hiriko geltokian, bederatzi euroko txartela indarrean sartu den egunean. RONALD WITTEK / EFE / EPA
Edu Lartzanguren.
2022ko ekainaren 1a
16:37
Entzun

Bederatzi euroko txartel bat erosita, nahi adina bidaiatu metroan, autobusean eta trenean, hilabete osoan. Aukera hori daukate alemaniarrek gaurtik, ekainerako, uztailerako eta abuzturako. Alemaniako Gobernuak ezarri du bederatzi euroko txartelaren plana, inflazioari eta oinarrizko produktuen garestitzeari aurre egiteko. Horrez gain, herritarrei autoa ez erabiltzeko arrazoi bat eman nahi diete.

Gaur sartu da plana indarrean, baina Alemaniako Garraio Ministro Volker Wissingek esan du dagoeneko «arrakasta handia» dela, dagoeneko zazpi milioi txartel saldu dituztelako. Izan ere, goizean goizetik herritarrek aplikazioen bidez, txartel makinetan eta garraio bulegoetan erosi ahal izan dituzte txartelak. Halere, hainbat hiri eta garraio enpresak egunak daramate txartelak saltzen, gaurtik aurrera erabiltzeko.

Planean ez dira sartzen Deutsche Bahn konpainia publikoko hiri arteko trenak eta ibilbide luzekoak, baina, halere, herrialde osoa zeharkatzeko aukera badago, eskualdeetako trenak katean erabiliz gero. Ezin da erreserbarik egin, hori bakarrik ibilbide luzeetako trenetan egiten baita normalean. Bizikleta eramanez gero, aparte ordaindu behar da. Edonon erositako txartelak Alemania osorako balio du.

«Ikusita zenbat garestitu den energia, berehala arindu nahi dugu herritarrek pairatzen duten zama», esan du Wissing ministroak. Bederatzi euroko txartelarekin «energia aurreztuko dugu eta garraio publikoa erakargarriago egingo dugu luzera begira».

Neurri gehiago

Beste zenbait neurri hartu ditu Alemaniako Gobernuak prezioen gorakada konpentsatzeko. Uztailean, haur bakoitzeko 100 euro jasoko dituzte gurasoek, eta, udazkenean, energia beharrak handitzen hasten direnean, 300 euroko ordain bakar bat jasoko du lan kontratua duen pertsona bakoitzak. Langabezian daudenentzat edo gizarte laguntzaren bat jasotzen dutenentzat bestelako laguntzak prestatu dituzte.

Horrez gain, erregaiaren zerga litroko 30 zentimo merkatu dute hiru hilabete horietarako. Horren ondorioz, gasolina 2 euro baino merkeago dago Alemanian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.