Bizimoduaren garestitzea

Gasolina garestitzen ari da, eta dagoeneko jan egin ditu gobernuen deskontuak

Laguntzen atarian baino hogei zentimo garestiago dago Hegoaldean, eta 26 Iparraldean. Espainiako Gobernuak iragarri du laguntza hiru hilabetez luzatuko duela

Bilboko gasolindegi bat, apirilaren 1ean deskontua indarrean jarri zenean. ARITZ LOIOLA (FOKU)
Iker Aranburu.
2022ko ekainaren 1a
19:03
Entzun

Gutxi iraun du Espainiako Gobernuaren laguntzak gasolina kontsumitzaileei emandako arindua. Apirilaren 1etik aurrera gutxienez hogei zentimoko deskontua jasotzen dute litroko Hego Euskal Herrian gasolindegien erabiltzaileek, eta, hain zuzen ere, hogei zentimo garestitu da azken bi hilabeteetan gasolinaren prezioa: apirilaren 1eko astean, batez beste, 1,834 euroan zegoen 95 oktanoko gasolina litroa, eta, atzoko eta gaurko datuen faltan, 2,031 euroan dago aste honetan. 98 oktanokoaren litroa, berriz, 23 zentimo garestiago dago orain, 1,962tik 2,191ra igaro baita.

Prezioaren igoera askoz apalagoa izan da gasolioaren kasuan: batez beste, 1,872 eurotik 1,882ra igaro da, eta berriro ere gasolina baino nabarmen merkeagoa da. Egia da, ordea, deskontuaren atarian bilakaera desberdina izan zutela batek zein besteak: beheranzko joera txikia zuen gasolinak —deskontuaren atarian merkatu egin zen—, eta gorantz etengabe gasolioak.

Ipar Euskal Herrian konparazioak egitea pixka bat zailtzen du han deskontua dagoeneko agertzen dela bezeroak ikusten duen prezioan —Hego Euskal Herrian, ordaintzean ikusten da—. Baina hemezortzi zentimoren laguntza publikoa azken preziora gehituz gero, gasolina are gehiago garestitu da: 1,899 euroan zegoen 95 oktanokoa apirilaren 1eko astean, eta 2,147an aste honetan (1,967 gehi hemezortzi). Gasolioaren prezioa, berriz, bost zentimo emendatu da, 2,05eraino (deskonturik gabe).

Azken asteetako garestitzeak kritika ugari eragin die petrolio konpainiei. Laguntza publikoa patrikaratzea eta beren irabazi tartea puztea egotzi diete. Halakorik ez dagoela ziurtatu du erregaien banaketaz arduratzen diren konpainien Espainiako erakundeak, AOPek. Haren arabera, gasolinak eta gasolioak nazioarteko merkatuetan izaten ari diren prezioen ondorioa da garestitzea, eta ez haien irabaziena. Horrela, ziurtatu du apirilaren 1etik 25,8 zentimo garestitu dela gasolinaren prezioa nazioarteko merkatuetan, baina erabiltzaileei 14,7 zentimo igo zaiela —Espainiako datua da hori—.

Gasolioaren kasuan, bederatzi zentimo garestitu da nazioarteko merkatuetan, eta ez du igoerarik izan gasolindegietan. «Nazioarteko merkatuetan gertatzen ari diren aldaketak ez dira gasolindegietara iritsi, eta horrek erakusten du geure konpainiek konpromisoa dutela herrialdea jasaten ari den garai zailekin». AOCk gogorarazi duenez, konpainia batzuek deskontu handiagoak eskaintzen dituzte; gasolindegi gehien dituenak, Repsolek —harena da Petronor ere—, 25 zentimokoa egiten du.

Petrolio konpainiek diote erregaien prezioari erreparatu behar zaiola, eta ez Brent upelarenari. Azken hori 99 dolarrean zegoen apirilaren 1ean, eta 117 dolarrean atzo, baina asteartean 124 dolarrera ere iritsi zen. Hau da, apirilaren 1etik maiatzaren 31 arte %25 zentimo garestitu zela. Eurotan, 90 eurotik 107ra igaro da; hau da, %20 garestitu da.

Madrilek laguntza luzatu du

Hasieran laguntza hiru hilabeterako zen, ekainaren 30era arte, baina gutxienez beste hiru hilabetez luzatuko dutela iragarri du asteazken honetan Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak. Energia garestia luzerako espero du Madrilek, eta horregatik erabaki du Ukrainako gerra herritarren artean izaten ari den kostua arintzen duten neurriak luzatzea. Hogei zentimoko deskontuaz gain, argindarraren gaineko zergen jaitsiera eta argindar bonuaren deskontu handiagoak ekarri zituen dekretua irailaren 30era arte nahi du indarrean. Ikusteko dago dekretu berritu horrek aldaketak ekarriko ote dituen erregaiei dagokienean. Izan ere, aurretik beste ministro batzuek bezala, atzo Alberto Garzon Kontsumo ministroak esan zuen «progresiboagoa» egin nahi zutela, «zaurgarrienak babesteko» eta errentaren arabera banatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.