Etxebizitza

Eusko Legebiltzarrak ez du tramiterako onartu alokairu soziala sustatzeko lege egitasmoa

EH Bilduren ekinaldiaren aurka bozkatu dute EAJk, PSE-EEk, PP-C’s-k eta Voxek, eta alde Elkarrekin Podemos-IUk.

Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkidea, gaurko saioan. EUSKO LEGEBILTZARRA
Edurne Begiristain.
2022ko ekainaren 2a
10:55
Entzun

Eusko Legebiltzarraren gehiengoak atzera bota du alokairu soziala sustatzeko asmoz EH Bilduk proposatu duen lege egitasmoa. Elkarrekin Podemos-IU taldeak ez gainerako taldeek ekinaldiaren aurka bozkatu dute osoko bilkuran, eta, beraz, legebiltzarrak ez du tramiterako onartu. Aurrez Eusko Jaurlaritzak emana zuen lege egitasmoaren aurkako iritzia, eta gaurko bilkuran EAJk eta PSE-EEk kontrako botoari eutsi diote. Aurka agertu dira, halaber, PP-C’s eta Vox taldeak.

2006tik indarrean den Lurzoruaren Legea aldatzea proposatu du EH Bilduk lege egitasmoan. Zera eskatzen zuen: hiriko planifikazioan legez jasotzea babes publikoko etxebizitza guztien %50 alokairura bideratzeko betebeharra, baita sustapen pribatuetan ere. Horretarako, Lurzoruaren Legearen bi artikulu erreformatzeko eskatu du koalizioak. Zehazki, lege horren 16. eta 80. artikuluak ordezkatzea eta osatzea proposatu du, horietan arautzen baitira, hurrenez hurren, etxebizitza babestuetarako lurzoruen hirigintza kalifikazioa, eta babes publikoko etxebizitzen estandarrak eta kopuruak.

Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi du Jaurlaritzak ez diola behar bezala erantzuten «etxebizitza larrialdiari». Azpimarratu du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako alokairu sozialaren eskaintza «oso murritza» dela, eta gisa horretako 25.000 etxe baino ez daudela, parke osoaren %3 baino gutxiago. Aitzitik, esan du alokairu sozialaren eskaerak nabarmen egin duela gora azken urteotan: gaur egun Etxebiden izena emanda dauden 60.000 eskatzaileen %80 baino gehiago alokairu sozialeko etxe baten bila ari dira. Fernandez de Betoñoren esanetan, 2015eko Etxebizitza Legeak administrazioak behartzen ditu babes publikoko etxebizitza guztiak alokairura bideratzera, baina udal eta administrazio askok «zirrikituak» bilatzen dituzte agindu hori saihesteko. «Babes publikoko etxebizitzak egiteko kalifikatuta dauden lursailak sustatzaile pribatuei saltzen dizkiete, eta, horiek alokairura bideratu beharrean, etxebizitzak salmentara bideratzen dituzte». EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, «lege iruzurra» egiten ari dira zenbait administrazio.
Jaurlaritzako bazkideen aurkako botoa «ulertezina» dela salatu du, batez ere PSE-EErena. Gogoratu du Espainiako Kongresuan eta Nafarroako Parlamentuan ere ari direla eztabaidatzen etxebizitza lege bana, eta horietan sozialistek begi onez ikusten dute alokairu sozialerako eskaintza indartzea: «Bitxia da PSOEk Madrilen, eta Geroa Baik eta PSNk Nafarroan, guk planteatzen dugun neurri hori ongi ikustea, eta hemen, ordea, Jaurlaritza aurka egotea».

Lege egitasmoaren aurka agertu dira EAJ eta PSE-EE, argudio berberekin. EAJko Irune Berasaluzek eta PSE-EEko Maria Jesus San Josek adierazi dute EH Bilduren lege proposamenak jabetza pribaturako eskubidea urratzen duela. Halaber, esan dute koalizioak proposatutako artikulu berriak ez daude behar bezala justifikatuta, eta edukiak «bideraezinak» direla. Bi taldeen ustez, titulartasun pribatuko etxebizitza alokairu babestura mobilizatzeko, ezinbestekoa da «bideragarri egingo duten finantza eta arau mekanismoen bidez» egitea.

PP-C’s-ko Muriel Larreak ere bide beretik egin du. Salatu du EH Bilduren proposamena merkatu askatasunaren eta jabetza pribatuaren aurka doala, eta udalen autonomia urratzen duela.

Lege egitasmoa tramitatzearen alde agertu da Elkarrekin Podemos-IUko Iñigo Martinez. Gogoratu du Etxebiden alokairu soziala eskatua dutela 61.000 pertsona inguruk, baina alokairu parkea «oso urria» dela. 2015eko Etxebizitza Legearen eta Hirigintza Legearen arteko «disfuntzioa» dagoela uste du, eta lege egitasmoak irtenbide bat proposatzen duela. Jaurlaritzaren kontrako irizpenaren harira, salatu du «doktrina neoliberal» bati jarraitzen diola, argudio sendorik eman gabe. «Mantra neoliberalak» erabiltzea egotzi dio gobernuari. Eusko Legebiltzarrak tramiterako onartu ez duen arren, ziurtatu du bere taldeak alokairu sozialaren alde proposamenak egiten jarraituko dutela legebiltzarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.