Osasuna

Aho batez eskatu dute elikadura portaeraren nahasmenduen arta indartzeko

Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari galdegin dio hobetu ditzala Osasun Mentalerako Estrategia berrian elikadura jokabidearen nahasmenduak artatzeko programak. Halaber, urtea amaitu aurretik nahasmendu horien eraginari buruzko azterketa egiteko eskatu dio.

Osasun etxe bat. MONIKA DEL VALLE/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko ekainaren 2a
16:32
Entzun

Elikadura portaeraren nahasmenduak dituztenen arta hobetzea aho batez babestu du Eusko Legebiltzarrak gaurko saioan. Gutxitan ikusten den adostasuna lortu da ganberan. PP-C’s taldeak aurkeztu du legez besteko proposamena, eta erdibideko testu bat adostu du EAJ, EH Bildu eta PSE-EErekin. Testu alternatibo horri babesa eman diote talde denek.

Onartutako testuan, legebiltzarrak dio elikadura jokabidearen nahasmenduak dituzten pazienteen arretan gabeziak konpontzea ezinbestekoa dela, eta hainbat neurri martxan jartzeko eskatu dio Osasun Sailari. Izan ere, Osasun Saila osasun mentaleko estrategia berri bat definitzeko lanean ari da, eta estrategia horren helburuen artean ezarrita dago elikadura portaeraren nahasmenduei aurre egitea Osasun Mentaleko Aholku Batzordearen barruan. Eusko Legebiltzarrak gaurko proposamenean eskatu du «inplikatutako eragileek eta erabiltzaileek modu koordinatuan» parte har dezatela sortutako talde berri horretan. Halaber, Osasun Sailari galdegin diote ebaluatu dezala, 2022 urtea bukatu aurretik, horrelako nahasmenduek zer eragin duten gizartean, kontuan hartuta elikadura portaeraren nahasmenduak dituztenek behar duten «arreta integrala» eta diziplinarteko arta.

Halaber, talde guztiek eskaera hau egin diote gobernuari: osasun mentaleko estrategia berrian sar ditzala elikadura portaeraren nahasmendua duten pertsonei arreta emateko beharrezkotzat jotzen diren «zerbitzu, prestazio eta baliabideak», eta, horrela, Osakidetza barruan programa eta baliabide espezifikoak sortu, egokitu eta indartu ditzala. Besteak beste, proposatu diote bermatzea plaza eta profesional espezializatu nahikoak egotea eguneko zentro eta jantoki terapeutikoetan, «benetako terapia eta diziplina anitzeko arreta integrala, jarraitua eta koordinatua eman dezaten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.