EUROPAKO BATASUNA

Poloniaren jarrera aldaketa saritu du EBk, suspertze funtsak desblokeatuz

Von der leyenen arabera, sistema judiziala erreformartzea da 35.400 milioi euroak jasotzen hasteko baldintza. Bruselak gertutik zainduko du ea aldaketak egiten dituzten. Varsovia pozik agertu da

Ursu von der Leyen, gaur, Varsovian, parean Mateusz Morawiecki Poloniako lehen ministroa duela, eta ezkerren Andrezj Duda presidente. EFE
Igor Susaeta.
2022ko ekainaren 2a
18:49
Entzun

Ukrainako gerrarekin loturik EB Europako Batasunak hartu dituen erabakiak babestu ditu Poloniak, eta horren ondorio da Bruselak, zenbait hilabetez negoziatzen aritu eta gero, Varsoviaren suspertze plana onartu izana. Orduan, 2026 bitartean, klub komunitarioko funtsetatik 35.400 milioi euro jasotzeko moduan egongo da Polonia. Horretarako, baina, sistema judiziala erreformatu beharko du, eta haren independentzia bermatzeko bere buruari jarri dizkion helburuak betetzen ari dela egiaztatu. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea Andrzej Duda Poloniako presidentearekin eta Mateus Morawiecki lehen ministroarekin bildu da, gaur, Varsovian, eta zehaztu du Bruselak erreformen «hiru punturi» erreparatuko diela, batez ere: «[Auzitegi Goreneko] Zigor aretoa baliogabetzea; kargugabetutako epaileak berriro hartzea; eta sistema judiziala erreformatzea».

Poloniako Gobernua pozik dago, eta iruditzen zaio hartu duen konpromisoaren emaitza dela. Komisarioen Elkargoak hartu zuen erabakia atzo, eta nabarmendu «gertutik» zainduko dutela ea Varsovia konpromisoak betetzen ari den —aurtengo bigarren hiruhilekoa amaitzerako egon beharko lukete erreformek indarrean—, eta horren arabera hasiko dela dirua jasotzen. Europar Kontseiluak —organo horretan daude ordezkatuta talde komunitarioko 27 estatuak— balioztatu behar du komisarioek erabakitakoa.

Nolanahi ere, Bruselak eta Poloniako Gobernu ultrakontserbadoreak azken urteotan eduki duten harreman gatazkatsuaren ondorioz, deliberoa ez dute aho batez hartu. Zenbait hedabidek iturri komunitarioak aipatuz kaleratu dutenez, bi presidenteordek, Margrethe Vestager Lehia eta Digitalizazioa sailekoak eta Frans Timmermans Klima sailekoak, kontra bozkatu zuten. Didier Reynders Justizia komisarioak ez zuen bileran parte hartu, eta El País egunkariak argitaratu duenez, gutun bat bidali zuen elkargora, erabakiaren gaineko «zalantzak» plazaratuz. «Plana onartu da une batean, zeinean, [Poloniako] Auzitegi Konstituzionalak zulatzen duen EBko zuzenbidearen lehentasuna».

Hain zuzen ere, Polonia—eta Hungaria— Europako Batasunaren jomugan dago, egozten baitio zuzenbide estatuaren estandarrak ez betetzea; adibidez, sistema judizialaren independentzia bermatzeko orduan, edo LGTBI kolektiboaren eskubideak babesteari muzin egiten diolako.

Aintzat hartu behar da, gainera, Errusia Ukraina inbaditzen hasi baino bederatzi egun lehenago, otsailaren 15ean, EBko Justizia Auzitegiak ontzat eman zuela Europar Kontseiluak eta Europako Parlamentuak 2020 udazkenean adostutako baldintza klubeko funtsak jaso ahal izateko: estatu kideek zuzenbide estatua errespetatzea. Polonia eta Hungaria ez zeuden ados baldintza harekin.
Sententzia kaleratua izan baino pare bat hilabete lehenago, EBk  zigor prozedura bat ireki zion Varsoviari, Auzitegi Konstituzionalaren «inpartzialtasuna» zalantzan jarriz. Izan ere, Konstituzionalaren bi ebazpenek zalantzan jarri zuten EBko zuzenbidea Poloniakoren gainetik egotea.    

Poloniak eta Hungariak salatu izan dute funtsak jasotzeko prozedurak «esanahi politikoa» duela. Morawieckik aurpegiratu izan dio Bruselari «xantaia ekonomikoa» egitea.

Abagunea aldatu da

Abagunea aldatu egin da, ordea, azken hilotan. Errusiak Ukraina inbaditu zuen, eta EBk batasuna indartu nahi izan du Errusiaren aurrean. Polonia izan da Moskuren kontra gogorren egin duen klubeko bazkideetako bat, eta errefuxiatu gehien hartu dituen herrialdea izan da: 3,5 milioi.

Orduan, Bruselak begi onez ikusi du Varsoviak justizia sistema erreformatzeko aurkeztutako plana. Klubak eskatu zion Auzitegi Goreneko zigor aretoa indargabetzeko —horrek funtzionatzen jarraitzen duen bitartean, egunero milioi bat euroko isuna ordaintzera zigortu zuen EBko Justizia Auzitegiak, iazko urrian—, eta Varsoviaren asmoa hori da, baina gobernuaren proiektuak zehazten du antzeko beste organo bat sortuko dutela. Proiektu horrek, bestalde, ez ditu Bruselaren beste eskakizun batzuk kontuan hartzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.