Atxiloturiko gazteak

Epaiketekin «ez dituztela geldituko» aldarrikatu dute Ernaiko kideek

Mobilizazio jendetsua egin dute ekainaren 15ean epaituko dituzten zazpi gazteei elkartasuna adierazteko. Manifestari talde batek afixak itsatsi ditu BBVAren egoitza nagusian eta Ertzaintzak martxa geldiarazi du

Ertzantzak manifestazioa geldiarazi duen unea. Kale Nagusian izan da, BBVAren egoitzaren aurrean. BERRIA
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko ekainaren 4a
19:18
Entzun

«Irribarre egiten eta hortzak erakusten ari gara gaur. Berriz ere kalean gaude. Ez gaituzte geldituko, gazte borrokak merezi duelako». Ane Alava Ernaiko bozeramaileak aldarri horrekin amaitu du gazte erakundeak Bilboko kaleetan antolaturiko manifestazioaren osteko bere hitzartzea. Ekainaren 15ean iazko maiatzean Bilbon atxiloturiko zazpi gazteen aurkako epaiketa hasiko da, eta Ernaik Bilbon antolatu du haiei babesa eskaintzeko mobilizazio jendetsua. Tentsio handiko uneak egon dira gazte talde batek BBVAko egoitza nagusiko paretan afixa batzuk itsatsi dituenean. Ertzaintzak neska bat identifikatu du.

Moyua Plaza eta Arriaga antzokiaren arteko bidea egin du manifestazioak. «Ez gaituzte geldituko!» eta «Gazte altxa, hasi da iraultza!» izan dira oihu errepikatuenak. Manifestariek hainbat lan gatazkatan murgildutako langileen babesa jaso dute, eta bertan ziren, besteak beste, Alconzako, ITP Aero PCBko eta Tubacexeko behargin batzuk. Lasai zihoan martxa BBVAk Kale Nagusian duen egoitzaren parera iritsi den arte. Gazte multzo bat manifestaziotik irten eta afixa batzuk itsatsi dituzte paretan. Bat batean Ertzaintzaren sei bat furgoi agertu dira eta auto batean zihoazen bi agentek, borra eskuan, neska bat bortizki atxiki dute. Identifikatu eta aske utzi dute.

Tentsio handiko uneak egon dira. Istiluen aurkako hogei bat ertzain agertu dira eta babes hesia egin dute manifestazioaren aurrean. Manifestariek oihuka erantzun diete. Aurrean bi auto gurutzatu dituzte eta ez diote manifestazioari aurre egiten utzi. Martxa bost bat minutuz geldirik egon da Kale Nagusian. Hortik aurrerakoetan, istiluen aurkako ertzainek, ‘Foam’ jaurtigailu eta ezkutuekin, oso gertutik jarraitu dute mobilizazioa.

Euripean bukatu da martxa, eta Asier Alcedo epailearen aurretik pasatu beharko den gazteetako bat izan da aurrenekoa hitz egiten. Azken egunetan jasotako elkartasun keinuak eskertu ditu. Mugimendu sozialei zein langile borroka ezberdinetan murgilduta dauden pertsonei eskerrak eman dizkie. Azaldu du iazko mobilizazioan egin zuten gauza bakarra «gazteon bizitza duinaren alde borrokatzea» izan zela. Haien atxiloketa «poliziaren muntai berri bat» dela salatu du, «arrazoirik gabeko» eta «gezurrez beteriko» atestatu batean oinarriturikoa, eta ez dela kasu isolatu bat, halakoak ohikoak direlako gazte mugimenduen aurka.

Hala ere, alde ona ere aurkitu nahi izan dio Alcesok bere hitzartzean: «Gu geldiarazten saiatzen badira, jipoitzen eta atxilotzen bagaituzte… aldaketak eragiten ari garelako da. Sistemarentzat konpondu beharreko arazo bat garelako». Beraz, aldarrikatu du gazteriak norabide berean jarraitu behar duela, bide berriak urratuz eta ez hain berrietan lan egiten jarraituz.

Alavak hartu du hitza da ondoren, eta azaldu du epaiketaren aurkako erantzunik onena «elkartasuna jostea», haien borroketan berrestea eta bizitza duinaren aldeko mugimenduekin bat egitea dela. Kritika gogorra egin dio poliziaren jardunari, eta gogoratu du duela urtebete Ertzaintzak zortzi gazte atxilotu eta beste 60 jipoitu zituela Bilboko epaitegiaren aurrean. Poliziak bortizkeriaz erantzun zuen, «Eusko Jaurlaritzaren isiltasun eta konplizitate guztia zituela jakitun izanda». Bortizkeria hori, baina, Alavak salatu duenez, «etengabe» errepikatu da azken hilabeteetan, lan gatazketan, etxegabetzeetan edota herri mugimenduetan ikusi den bezala: «Bizitza duinen aldeko borrokaren aurrean bortizkeria poliziala agertzen da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.