STREAMING PLATAFORMAK

Amazon Prime Videok euskarara bikoiztuta ere estreinatu du ‘The 355’ filma

Netflixek euskarazko azpidatziekin jarri ditu bi telesail, baita zenbait film berri ere. Uztailaren 8an estreinatuko du euskarara bikoiztu duen lehen filma.

'The 355' filmeko protagonistak. AMAZON
urtzi urkizu
2022ko ekainaren 9a
13:21
Entzun

Nazioarteko streaming plataforma batek bere kabuz euskarara bikoiztu duen aurreneko filma estreinatu dute: The 355. Eta ez da haurrentzako lan bat. Amazon Prime Videok atzo estreinatu zuen film hori, eta euskarara bikoiztuta zein euskarazko azpidatziekin ikus daiteke. Katalanez eta galegoz ikusteko aukera dago, era berean. Hego Euskal Herriko zerbitzuaren harpidedunek Agentes 355 gaztelaniazko izenburua bilatu behar dute, eta, ondotik, audio menuan aldaketa egin, euskaraz ikusteko. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan erosi egin behar da filma, eta ez dago euskaraz ikusteko aukerarik—soilik ingelesezko eta frantsesezko audioak ditu—.

AEBetako thriller bat da The 355, eta Simon Kinberg da zuzendaria. Aktore protagonistak, berriz, Jessica Chastain, Diane Kruger, Penelope Cruz, Lupita Nyong’o, Fan Binbing eta Edgar Ramirez dira. Arma arriskutsu bat mertzenario batzuen esku geldituko da. Orduan, CIAko agente berezi batek nazioarteko lantalde bat osatuko du, mertzenarioei aurre egin eta arma berreskuratzeko asmoz. 355 taldearen esku egongo da mundua salbatzea.

Bilboko Mixer enpresan egin dute filmaren euskarazko bikoizketa, Josu Varelaren zuzendaritzapean. Kredituetan ageri denez, hauek izan dira bikoiztaileak: Maribel Legarreta, Estibaliz Lizarraga, Ana Egileor, Jaione Insausti, Eva Ojanguren, Beñat Narbaiza, Txema Regalado, Eduardo Gorriño, Jon Goirizelaia, Aitor Ormaetxea, Kepa Cueto, Iker Diaz, Josu Mitxelena, Julen Agirrezabala eta Iosu Diaz. Varelak berak ere jarri dio ahotsa pertsonaietako bati.

Amazonen pausoa Espainiako Amazonek urtarrilean egin zuen iragarpenaren bidetik doa. Koro Castellano Amazon Prime Videoko Espainiako zuzendariak zera esan zuen: «Espainian daukagun aberastasun handienetakoa kultur eta hizkuntza dibertsitatea da, eta Amazon Prime Videon sustatu nahi dugu edukiak katalanez, euskaraz eta galegoz ikusi ahal izatea». Orain arte, Dragoi Bola-ren bi film baino ez zeuden euskarazko audioarekin Prime Videoren katalogoan. Azkeneko asteetan, bestalde, dozena bat edukiren euskarazko azpidatziak jarri dituzte. Telesail bat ere ari dira euskarara bikoizten: Un asunto privado. Udan estreinatuko dute.

Azpidatziak, Netflixen
Netflix plataformak euskarara bikoiztuko duen lehen filma, berriz, uztailaren 8an iritsiko da: The Sea Beast. Orain, D'Ortagnan eta hiru mosketxakurrak ere ikus daiteke euskaraz, baina ez du Netflixek bikoiztu.

Dena den, Netflixek iragarri du euskarara bikoiztuko dituen edukiak haurrentzako izango direla —bestelakoa da Amazonen erabakia—. Euskarazko azpidatziak jartzen ere hasi berri da Netflix: Emily in Paris eta Anatomy of a Scandal dira euskarazko azpidatziak dituzten aurreneko bi telesailak. Euskarazko azpidatziak dituzte baita ere film hauek: Choose or die, 365 dni, 365 dni: Ten dzieÅ„, Senior year, Interceptor, Metal lords eta Hustle. Azken hori atzo estreinatu zuten.

Abuztuaren 5ean, Netflixek The Sandman telesaila —izen bereko komikian oinarritua— estreinatuko du, eta euskarazko azpidatziak izango ditu.

Movistar Plus da bere harpidedunei euskarazko azpidatziekin edukiak ikusteko aukerarik zabalena eskaintzen dien plataforma. Iaz, 148 film azpidatzi zituen euskaraz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.