Albistea entzun

Euskal presoak

Esnalen baldintzapeko askatze galdea uztailaren 21ean aztertuko dute berriz

Gaur ematekoa zuten euskal presoaren baldintzapeko askatzeari buruzko erabakia, baina epaileek Segurtasun Neurrien Diziplina Anitzeko Batzordearen iritzia eskatu dute berriz, eta txostena heltzean eginen dute berriz auzi saioa

Maiatzean Jakes Esal presoaren askatasuna galdetzeko protesta, Donibane Lohizunen.
Maiatzean Jakes Esal presoaren askatasuna galdetzeko protesta, Donibane Lohizunen. Bob Edme Tamaina handiagoan ikusi

Oihana Teyseyre Koskarat -

2022ko ekainak 9 20:10

Maiatzaren 19an egin zuten Parisko Dei Auzitegian Jakes Esnal euskal presoa baldintzapean libratzeko galdearen auzia. Erantzuna gaur ematekoa zuten, baina prozedura luzatu egin da, eta uztailaren 21ean eginen dute berriz auzi saioa, azkenean. Maiatzeko auzi saioan epaileak galdera egin zuen ea ez ote zaion Esnalen eskaerari buruzko beste iritzi bat eskatu behar CPMS Segurtasun Neurrien Diziplina Anitzeko Batzordeari, eta prokuradorea alde agertu zen —euskal presoaren askatasunaren kontra dago—. Orain, beraz, CPMSren ondorioak biltzen dituen txostena goaitatuko dute, eta uztailaren 21ean eginen dute auzi saioa, txostenaren ondorioak eskuratzean. 32 urte daramatza preso lapurtarrak.

Korapilatsua da Esnalen afera. Izan ere, baldintzapeko askatasun galdea egin zuenean, CPMSren iritzia ukan zuen, 2020ko urtarrilean. Serge Portelli haren abokatuetariko batek azaldu du iritzi hori bi urtez baliozkoa dela, eta, beraz, maiatzean epaitu zutelarik iraungia zela esan zuela epaileak. «Iritzi hori ematen dute preso bat arriskutsua den errateko. 2020ko urtarrilean, erran zuten ezetz. Orduan, zer? Orain, bi urtez arriskutsua bilakatu da? Eztabaida faltsu bat da. Norbait arriskutsua den edo ez jakiteko, ez da bakarrik izaera kontuan hartzen, dena den. Testuingurua ere kontuan hartu behar da, denek dakite hori. Ikusiz euskal herritarrek bakearen alde hartu duten bidea, ulertezina da erabakia», erran du. Haren ustez, Dei Auzitegiak «goiz ala berant errealitatea eta ebidentzia onartu, eta Esnal libratzako erabakia hartu beharko du».

Xantiana Cachenaut haren ordezko abokatuak, halaber, azaldu du prozedura oraino «luzatzeko» arriskua badela. Izan ere, uztailaren 21erako Dei Auzitegiak CPMSren iritzia ez badu eskuratua, baliteke oraino gehiago atzeratzea auzi saioa, eta, beraz, erabakia. «Jadanik oso luzea izan den prozedura bat are gehiago luzatzen ari da. Ondorioa da Esnal kartzelan mantentzen dutela, jakinda Espainian kondenatua izan balitz kalean egongo zela duela urte batzuk. Prokuradoreak helegiterik ez balu egin, hurbilekoekin legoke», oroitarazi du.

Orain dela bost urte abiatu zuen Esnalek baldintzapean aske geratzeko eskaera, 2017ko urriaren 25ean; orain arte egin duen bigarrena da. Halako prozeduretan, presoaren egoera aztertu eta iritzia ematen duten bi egitura daude: CPMS eta CNE Frantziako Ebaluazio Zentroa. CPMSri dagokionez, aukera du azterketa bukatu ondotik presoa CNEra bidaltzea erabakitzeko, baina hautazkoa da berez. Esnalen kasuan ez zuen beharrik ikusi, baina Dei Auzitegiak argudio hori baliatu zuen 2020ko irailean Esnalen eskaera aztertzeari uko egiteko.

Erabaki «onartezina»

Bakegileek erabakia gaitzetsi dute berehala. «Zilegi da erabaki horren gibelean diren arrazoien inguruan dudak sortzea. Ez dugu onartzen terrorismoaren kontrako logikak eskubideak alde batera uztea, eta estatu mendekuak etengabe irautea», erran dute. Hala, ekainaren 11ko manifestazioan parte hartzeko deia egin dute berriz. Gainera, Esnalen kontrako erabakia salatzeko, ekainaren 15ean protesta eginen dute Baionako suprefeturaren aitzinean, 18:30ean.

EH Baik ere prozedura luzatu izana deitoratu du. «Zer mezu pasarazi nahi du Frantziako Gobernuak? Euskal Herriko jendartearen gehiengo zibil eta politikoaren nahia noiz arte zapalduko du?», galdetu dute. Halaber, Parisen «blokeo» egoera salatu dute, eta Bakegileek larunbatean antolatutako protestara batuko direla erran dute.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa, Gasteizen ©jaizki fontaneda / FOKU
«Utopien funtzioa energien aktibazioa da»

«Utopien funtzioa energien aktibazioa da»

Jon O. Urain

Nola irudikatu gizarte hobeak, ipar gisa hartu eta bideari ekiteko. Utopiak ez dautza gatazkarik ezean, Martinezen ustez, gatazka «modu justuagoan» kudeatzean baizik. Gizarte hobeak ez baitira «zerutiarrak»: «Beti egongo dira egitekoak».

 ©J. DANAE / FOKU
Jose Maria Aznar eta Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu ohiak, maiatzean, Madrilen. ©BALLESTEROS / EFE

BASOARTE ZARBATSUA

Iosu Alberdi

Espainiako Gobernuak desklasifikatu zituen lehen agiri sekretuak GALen ingurukoak izan ziren, 1997. urtean. Halere, zenbait dokumentu ezkutuan mantentzea erabaki zuen Moncloak, «estatuaren segurtasunaren» izenean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.