Elizaren sexu abusuak

Nafarroako Parlamentuak tramiterako onartu du Elizaren sexu abusuen biktimen aitortzarako legea

Navarra Suma ez beste guztiek babestu dute legea tramiterako onartzea. Biktimen arretarako bulego bat sortzea aurreikusten du.

Nafarroako Parlmentuko irudi bat. IñIGO URIZ / FOKU
Olaia L. Garaialde.
2022ko ekainaren 9a
16:27
Entzun

Gertatutakoa ikertu, biktimei aitortza eman, eta egia azaleratu nahi du legeak. Elizaren sexu abusuen biktimak aitortzen dituen legea tramiterako onartu dute Nafarroako Parlamentuan. Alderdi guztiek egin dute bat legea tramitera onartzearekin, Navarra Sumak izan ezik. Mikel Buil Ahal Dugu alderdiko parlamentariak Navarra Sumaren jarrera salatu du: «Pena handia da, oinarrian denak ados gaudelako; auzia hutsaltzen ari zarete».

PSNk, Geroa Baik eta Ahal Duguk Nafarroako Legebiltzarrean erregistratu zuten lege proposamena, maiatzean; EH Bilduk eta Ezkerrak ere bat eginzuten proposamenarekin. Besteak beste, proposamenak jasotzen du Nafarroako Gobernuak biktimen bulego bat sortzea, ikastetxe erlijiosoetan abusuak jasan zituztenen testigantzak eta salaketak jasotzeko. Bulego horretan, batzorde batek banan-banan aztertuko du kasu bakoitza, eta espediente bat zabalduko du. Horren arabera erabakiko dute salaketa jarri duen pertsona biktimatzat aitortzen duten ala ez. Gainera, bulegoak txosten bat sortu beharko du testigantzekin eta salaketekin.

Virginia Magdaleno PSNko parlamentariak azaldu du helburua dela biktimei «ahotsa ematea» eta abusuak ikusgai egitea. Horrez gain, gehitu du legea «berritzailea» dela. Eta Navarra Sumaren erabakia salatu du: «Albo batera geratu da, ez du parte hartu nahi izan, eta Madrilgo PPren jarrera atzerakoia jarraitzen ari da».

«Legeak nahi du Elizan denbora luzez egindako abusu sistematikoak inguruan sentsibilizatu eta biktimei justizia eskaini», azaldu du Mikel Buil Ahal Duguko parlamentariak. Auzibidean jarritako abusu gehienak preskribatuta daude: «Lege hau egin dugu erasotzaileak ezin ditugulako legearen bidez epaitu».

Geroa Baiko parlamentariaren arabera, aurrerapauso «handia» da:«Legea errekonozimendura mugatzen da, baina biktimentzat urrats garrantzitsua da». Gaineratu du hori dela egin dezaketen gauza bakarra: «Gainerako ekintzak gure gaitasunetatik kanpo daude».

EH Bilduko Arantxa Izurdiagak esan du legea «beharrezkoa» dela, baina egia, justizia eta erreparazioa lortzeko «urria» dela: «Oreka bilatzen saiatu gara; segurtasun juridikoa bermatzeko eta biktimei itxaropen faltsurik ez emateko».

Maria de Simon Ezkerrako parlamentariak salatu du Elizaren aldetik «abusu moralak» ere izan zirela sexu abusuak izateaz gain: «Ez da Elizaren edota fededunen kontrako lege bat; gertatu behar ez ziren eta isilarazitako gertakariak zuzendu nahi ditu legeak».

Navarra Sumak, kontra egiteko, esan du «gaizki» idatzita zegoela legea. «Arlo guztietan abusuak kontuan hartzen dituen lege bat sortu nahi dugu elkarrekin», esan du Iñaki Iriartek.

Nafarroako Gobernuaren izenean, Maria Txibite presidenteak biktimak aitortu zituen atzo, eta esan zuen gizartearen «lorpena» izan dela lege proposamenerako bidea egin izana; elkarteei egindako lana eskertu zieten: «Urte luzez sufritu duten isiltasunarengatik, biktimizazio bikoitza pairatu dute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.