AEB-ak

«Estatu kolpea» ematen saiatu izana leporatu diote Trumpi

AEBetako Kapitolioari egindako erasoa ikertzen ari den batzorde legegilea xehetasunen berri ematen hasi zen atzo iluntzean

Ikerketa batzordearen atzoko saioan irudi bat. JABIN BOTSFORD / POOL
Edu Lartzanguren - Mikel O. Iribar
2022ko ekainaren 10a
09:30
Entzun

Duela urte eta erdi AEBetako Kapitolioari egindako erasoa ikertzen ari den batzorde legegilea xehetasunen berri ematen hasi zen atzo iluntzean. Lehenengo saioan, Donald Trump presidente ohi errepublikanoari (2017-2021) estatu kolpea ematen saiatu izana egotzi zioten.

Bi alderdietako lekukoak mintzatu ziren batzordean. Liz Cheney batzordeko presidenteorde eta eta Wyoming estatuko ordezkari errepublikanoak —Trumpen aurka egiteagatik zuzendaritzatik kanporatu zuten iaz— esan zuenez, Trumpek «piztu zuen erasoaren garra». Haren arabera, AEBetako presidente ohiak «hainbat fronte» ireki zituen boterean jarraitzeko, «legez kanpoko ekintzen bidez». Hau ere gehitu du: «Estatubatuar guztiek kontuan izan behar dute hau: urtarrilaren 6ko goizean, Trumpen asmoa zen AEBetako presidente izaten jarraitzea, nahiz eta 2020ko hauteskundeen emaitza legala izan eta botereari uko egiteko betebehar konstituzionala urratu», The Hill egunkariak jaso duenez. Horretaz gain, Cheneyk adierazi duenez, lekuko batek esan die matxino saldoak Mike Pence presidenteordea urkatzeko oihuak aireratzen hasi zenean Trumpek «merezi du» esan zuela.

Bennie Thompson demokrataren hitzetan, berriz, matxinadak AEBetako demokrazia arriskuan jarri zuen. «Urtarrilaren 6a estatu-kolpe saiakera baten gailurra izan zen».

Batzordearen helburua da frogatzea Kapitolioaren aurkako erasoa ez zela gertaera «bakan bat» izan, «zenbait urratsekin koordinatutako ahaleginen emaitza baizik, Joe Biden AEBetako presidente demokratak agintea har ez zezan», batzordeko aholkulari batek Efe agentziari azaldu zionez.

Iturri horren arabera, Trump 2020ko hauteskundeetako emaitzak baliogabetzeko konspirazio horren «erdigunean» zegoela frogatuko du batzordeak. Horretarako, mila lekuko baino gehiago elkarrizketatu ditu, eta 140.000 dokumentu baino gehiago aztertu. Horrez gain, argitaratu gabeko material grafikoa erakutsiko du, eta Trumpen jarraitzaile talde batek Kapitolioari eraso egiteko asmoen laburpen bat eskainiko du. Batzordeak beste bi saio egingo ditu datorren astean.

2021eko urtarrilaren 6an, Kapitolioaren aurkako oldarraldian, bost pertsona hil ziren, eta 140 poliziari eraso egin zieten.

Trumpen ingurukoak elkarrizketatu dituzte, eta horien adierazpenetatik ateratako ondorioak aurkeztu zituzten atzo.

Besteak beste, Bill Barr Fiskal nagusiaren hitzak jaso zituzten: esan zuenez, behin eta berriz esan zion Trumpi hauteskundeak galdu zituela, eta iruzurra salatzea okerra zela. «[Trumpi] Esan nion erokeria handi bat zela, denbora galtzen ari zela, eta herrialdeari kalte handia egiten ari zitzaiola», gaineratu zuen. Bestalde, Ivanka Trump presidente ohiaren alabak, fiskal nagusi ohiarekin hitz egin ostean, iritziz aldatu zuen, eta iruzurrean sinesteari utzi zion.

Ikusi gehiago:Armen araudia gogortzeko legeak zail du AEBetako Senatuan onartua izatea

Elkarrizketen laburpenez gain, batzordeak hamar minutu inguruko bideo bat erakutsi zuen, zeinetan Kapitolioan jazo ziren ekintza bortitzenetako batzuk ikusi ahal izan ziren, Bidenek irabaztea eragozteko.

Ikusleen artean, bestalde, Harry Dunn agente afro-amerikarra zegoen, «eraso arrazistak» jasan zituena, eta Serena Liebengood poliziaren alarguna; erasoa gertatu eta egun batzuetara, bere buruaz beste egin zuen.

Ikerketa batzordeak, halaber, beste bideo bat argitaratu zuen, eta, bideo horretan, manifestari batzuk Caroline Edwards poliziari eraso egiten ari zirela ikus zitekeen. Polizia izan zen erasoari erantzun zioten lehenengoetako bat, eta «garuneko lesio handi bat» izan zuen. Edwardsek nabarmendu zuen Kapitolioa «gudu zelai bat» bilakatu zela egun hartan.

Trump, batzordearen aurka

Trumpek, berriz, batzordearen kontra hitz egin du. Presidente ohiak salatu duenez, ikertzaileek ez dituzte aurkeztu nahi izan bere aldeko lekukotasunak. Batzordea «aukeratu gabeko ekintzaile politikoek» osatzen dutela gaineratu du. Horrez gain, gogor jo du Nick Qusted zinemagilearen kontra. Proud Boys eskuin muturreko taldeko kideei kamerarekin jarraitu zien Questedek erasoaren aurreko egunetan eta matxinadaren egunean bertan. Egin duen dokumentalean, ikusten da nola joan ziren prestatuz erasoa. Izan ere, taldeko 250 eta 300 kide inguru Kapitolioa aztertzera joan ziren erasoaren aurretik. «Batzordeak albiste faltsuak sortzen dituen ABC kateko dokumentalista bat erabili du irudi txarrak bakarrik erakusteko», adierazi du Trumpek.

Batzordearen atzoko saioa AEBetako telebista kate nagusi guztietan eman zuten, zuzenean, Fox eskuindarrean izan ezik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.