EH Baik ez du boto kontsignarik eman, oraingoz, bigarren itzulirako

Goizean aztertu dute egoera EH Baiko kideek. Erran dute Ensemble koalizioari «boz bat ere» ez diotela emanen. NUPESeko hautagaien «profil eta posizioak» aztertzera deitu dituzte hautesleak, eta, ez dute, oraingoz, boto kontsignarik eman.

EH Bairen bosgarren hautesbarrutiko bozka papera. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko ekainaren 13a
12:45
Entzun

Bigarren itzuliari begira, EH Baik hautagaien «programaren arabera» bozkatzera deitu ditu hautesleak. «Gure kideekin, lehen itzuliaren ondotik abiatutako barne prozedurak bigarren itzuliari begirako posizio bat hartzera eraman gaitu. Bigarren itzulian sailkatu diren hautagaien proposamen programatikoaren arabera beren boza determinatzera deitzen ditugu hautesleak. Gaur-gaurkoz, beraz, ez dugu bozka konsignarik ematen», adierazi dute. Bestalde, seigarren hautesbarrutiko Iñaki Etxaniz hautagaiarekin (NUPES) bilduko direla jakinarazi dute, hark galdeginik.

Dena den, «argi» dute ez dutela Ensembleko hautagairik babestuko. «Argi dugu Macron presidentearen alderdiari ezin diogula boz bat ere eman, eraman dituen politika neoliberalek erakutsi baitute EH Bairen ikuspegitik ez dela batere herritarren mesedetan eramaten den politika bat. Galdera da nolako ezker bat igorri nahi dugun Parisera», adierazi du Nikolas Blain EH Baiko bozeramaileak. NUPES Frantziako ezkerreko alderdien aliantzari begira, honako hau adierazi du koalizio abertzaleak: «NUPESeko hautagaiek Euskal Herriari begira dituzten posizioek ez gaituzte asetzen. NUPESen programa komunak hainbat blokeo sortzen dizkie Ipar Euskal Herriko garapen instituzionalari, euskarari edota bake prozesuari, nahiz eta tokiko hautagai batetik bestera ñabardurak izan».

Bigarren itzulian ez da EH Baiko hautagairik izanen Ipar Euskal Herriko hautesbarrutietan. Laugarren, bosgarren eta seigarren hautesbarrutietan NUPES eta Ensemble aliantzetako hautagaiak leihatuko dira heldu den igandeko bigarren itzulian. Halere, EH Baik ontzat jo ditu emaitzak, 2017ko emaitzekin alderatuta 3.600 boz irabazi baititu. «Emaitza biziki onak lortzen ditugu hiru hautesbarrutietan, eta hirugarren indarra gara Iparraldean», adierazi du Nikolas Blain EH Baiko bozeramaileak goizean, Euskal Irratietan egindako elkarrizketan. Halare, deitoratu du «Frantziako giroak baldintzatzen» dituela Ipar Euskal Herriko emaitzak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.