EUSKAL PRESOAK
Donostiako Udalak «kezka» agertu du Atristain espetxeratzeagatik
EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak adierazpen instituzional bat plazaratu dute. Salatu dute Espainiako Auzitegi Gorenak Estrasburgoko epaia aintzat ez hartzea «erabaki arbitrario bat» dela, «ziurgabetasun juridiko sakona» sortzen duena.

Donostiako Udalak adierazpen instituzional bat plazaratu du gaur goizean, orain dela bi aste Xabier Atristain berriro espetxeratu izana salatzeko. EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek adosturiko testuak nabarmentzen du udalak «errespetuz» hartu zuela Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilaren 18an Atristaini buruz emandako epaia. Ordea, salatu dute Espainiako Auzitegi Gorenak hura interpretatzeko moduak, alegia, hura aintzat ez hartzeak, «harridura» sortu diela, Estrasburgokoa «irmoa eta derrigorrez bete beharrekoa» delako. Udalaren arabera, «erabaki arbitrario horrek ziurgabetasun juridiko sakona» sortzen du. Hala bukatu dute adierazpena: «Donostiako Udalak kezka adierazi nahi du, bestelako alternatibak egonda ere, Atristain berehala espetxeratzeko agindua eman izanagatik».
Bertzalde, EH Bilduk jakinarazi du, eskaera bat erregistratuko dutela Atristainen abokatu Zigor Reizabalek eta senide batek hitza har dezaten udaleko giza eskubideen batzordean. Helburua da udal taldeei Atristainen egoera «juridiko eta humanoa bertatik bertara» ezagutaraztea.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.