Errefuxiatuak

Aurten asilo eskaerak berriro areagotzea espero du Zeharrek

Ukrainako gerratik ihes egin dutenekin agertutako «borondate politikoa» beste errefuxiatuei zabaltzeko eskatu du erakundeak

Zehar-Errefuxiatuekin eta CEAR erakundeetako arduradunak, gaurko agerraldian izandako iheslariekin. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2022ko ekainaren 16a
16:20
Entzun

2022ko lehen lau hilabeteetan 1.234 pertsonak galdegin dute asiloa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Iaz urte osoan izandako 1.724 eskaeretatik hurbil dago kopuru hori; beraz, azken urteetako beherakada eteten ari dela berretsi du Arantza Chaconek, Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko zuzendariak: «COVID-19aren ondorioz eskaera gutxiago iritsi ziren 2020an eta 2021ean, baina estatuek mugak esternalizatu izanari ere egotzi behar zaio. Aurten, ematen du iaz baino nabarmen eskaera gehiago izango ditugula, pandemiari lotutako aldaketen ondorioz». Hala ere, gogora ekarri du Espainiako Gobernuak eskaeren %10 baino ez dituela onartzen: «Oso tasa baxua da, Europako %35eko batez bestekotik urrun».

Gaur Bilbon egindako agerraldi batean eman dituzten datuen arabera, asiloa eskatu dutenen artean kolonbiar eta venezuelar jatorrikoak gailentzen dira, eta, ondoren, Maroko, Mali eta Senegalgoak. «Azken horietako gehienak gizon gazteak dira, migrazio proiektua bakarrik abiatu dutenak, eta oso bide arriskutsuetatik iritsitakoak», zehaztu du Elena Valverdek, CEAR-en EAEko bulegoko ordezkariak. Ukrainatik, berriz, 3.382 pertsona heldu dira otsail amaieratik, baina beste babes mota bat jaso dute. «Ukrainaren kasuak agerian utzi du borondate politikoa dagoenean erantzun koordinatu bat eman daitekeela, eta babesa bermatu», adierazi du Chaconek.

Zuzendariaren hitzetan, Ukrainako gerrak lehen lerroan jarri du berriro errefuxiatuen gaia: «Bigarren Mundu Gerratik izandako ihesaldi handiena eta azkarrena izan da, 6,5 milioi pertsonak egin baitute alde». Administrazioen eta gizarte zibilaren erantzuna txalotu du, baina «ikuspegia zabaltzera» deitu du. «Munduko errefuxiatu gehienek iraupen luzeko gatazketatik alde egin dute, hala nola Siriatik, Venezuelatik edo Afganistandik; eta iheslarien %86 herrialde pobretuetan edo garatze bidean dauden herrialdeetan hartzen dituzte», zehaztu du Valverdek. Pandemiaren eta mugen itxieraren ondorioz, gero eta bide arriskutsuagoak hartu behar izaten dituztela gogoratu du: «Mediterraneoa izan zen iaz biderik arriskutsuena: gutxienez 2.048 pertsona hil edo desagertu ziren». Azken hilabeteetan Euskal Herrian zendutakoak ere oroitu dituzte: lau lagun Bidasoa ibaian itota, beste bat Irunen (Gipuzkoa) bere buruaz beste eginda, eta hiru pertsona Ziburun (Lapurdi) trenak harrapatuta.

Harrera herrialdera iristeak eta asiloa eskatzeak, halere, ez du beti errazten errefuxiatuen bizimodua. «Oztopo lasterketa bat da maiz, eta gizarteratzea zailtzen du», esplikatu du Chaconek. Prozesu konplexua da, baina, gainera, erantzun gehienak ezezkoak dira; beraz, iheslariek hutsetik hasi behar izaten dute bidea, paperik gabe: «Batzuk lanean ere izaten dira, eta babesa ukatzeak irregulartasunera kondenatzen ditu; sufrimendu handia dakar». Hori dela eta, Zehar-Errefuxiatuekin eta CEAR elkarteek eskaera zehatzak egin dizkiete administrazioei: «interes ekonomikoen zerbitzura dagoen muga politikak etetea», iheslariak babesteko borondate politikoa izatea, migratzeko bide seguruak erraztea, errefuxiatuak ez instrumentalizatzea, harrera baliabideak hobetzea eta asiloa ukatutakoak erregularizatzeko ezohiko prozedurak abiatzea.

Datozen egunotan, manifestazioak

Datorren astelehenean, ekainak 20, errefuxiatuen nazioarteko eguna izango da, eta horren harira eman dituzte datuok erakundeek. Aldarrikapenok kalera ateratzeko mobilizazioekin bat egin dute: Izan babes. Diskriminaziorik gabeko harrera lelopean protesta egingo dute igandean Donostian, 12:00etan, Aquiariumetik abiatuta; eta astelehenean, berriz, Bilbon eta Gasteizen egingo dituzte manifestazioak, 19:00etan, Arriagatik eta Andre Maria Zuriaren plazatik irtenda, hurrenez hurren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.