Bertsolari Txapelketa Nagusia

Ekainaren 23an jarriko dira salgai Bertsolari Txapelketa Nagusiko sarrerak

Finalerako sarrerak ere erosteko moduan izango dira egun horretatik aurrera. Bazkideei finalerako sarrera gordeko diete astebetez; tarte horretan erosi ezean, gainerakoekin batera jarriko dituzte salgai.

2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finaleko argazki bat, Barakaldoko BECen (Bizkaia). ARITZ LOIOLA / FOKU
2022ko ekainaren 16a
17:16
Entzun

Bertsozale Elkarteak datorren asteazkenean aurkeztuko du 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia, eta egun horretan emango du udazkeneko saioei buruzko informazio guztia. Horren aurretik, sarrerei buruzko argibideak eman dituzte gaur; izan ere, txapelketa aurkeztu eta hurrengo egunean, ekainaren 23an, jarriko dira salgai Bertsolari Txapelketa Nagusiko sarrera guztiak, baita Iruñeko finalekoak ere.

Salmenta 09:00etan hasiko da, Bertsosarrerak.eus webgunean, hiru salneurritan: bazkideena, ez-bazkideena eta gazteena (2004tik aurrera jaiotakoek baliatu ahal izango dute hori; 6 urtetik beherako haurrek ez dute sarrerarik beharko, baldin eta ez badute eserlekurik erabiliko).

Bertsozale Elkarteak esan du erosketa Internet bidez egiteko zailtasunak dituztenei lagunduko dietela. Gainera, Nafarroako Bertsozale Elkartean, finalerako sarrera fisikoak eskudirutan erosteko aukera izango da ekainaren 23tik 30era: 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 18:00etara. Beste saioetarako sarrerak aurrez aurre erosteko aukera ere izango da irailetik aurrera, baldin eta lehenago amaitzen ez badira.

Aurten, Iruñeko Nafarroa Arenan izango da finala, eta hiru sarrera mota egongo dira: harmaila, errebotea eta pista. Guztiek salneurri bera dute, baina, taldean joanez gero, kide guztiek sarrera mota bera hartu behar dute elkarrekin esertzeko. Izan ere, bakoitzak bere sarbidea izango du, eta barruan ez da batekoak eta bestekoak elkartzeko modurik izango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.