Gerra Ukrainan

Ukraina EBn sartzeko hautagai izatea proposatu du Europako Batzordeak

Bruselak «hainbat baldintza» ezarri dizkio Ukrainari EBra atxikitzeko negoziazioak hasteko. Moldaviak ere Kieven irizpen bera jaso du; Georgiak ez.

Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen, gaur, Bruselan egindako agerraldian. OLIVIER HOSLET / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko ekainaren 17a
13:53
Entzun

Europako Batzordeak Ukrainari EB Europako Batasunean sartzeko hautagai estatusa ematea proposatu du ostiral honetan, eta hori izango da, hain zuzen, datorren astean EBko kide diren 27 estatuetako agintariek Kieven hautagaitzari buruz izango duten eztabaidaren oinarria. Ostera, Europako Batzordeak kaleratutako irizpenaren arabera, Bruselak «hainbat baldintza» ezarri dizkio Ukrainako presidente Volodimir Zelenski buru duen gobernuari. Baldintza horiek betez gero, orduan bakarrik hasi ahal izango dituzte atxikitzeko negoziazioak.

«Ukrainak argi eta garbi erakutsi du EBra egokitzeko asmoa duela», adierazi du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, Bruselan egindako agerraldian. Ildo beretik, halaber, nabarmendu du prozesua orain «merituetan» oinarrituko dela, eta Ukrainak Europako erreformen arloan egiten dituen aurrerapenen araberakoa izango da. Hori bai, gogorarazi nahi izan du Kievek Europako arauen %70 betetzen dituela.

Von der Leyenek ziurtatu duenez, hautagai bakoitzaren merezimenduak «kontu handiz» aztertu ondoren hartu dituzte erabakiak. Azpimarratu du zehatz-mehatz aztertu dituztela ea EBn sartzeko hautagai izateko eskatzen diren irizpide politiko eta ekonomikoak betetzen diren, bai eta herrialde bakoitzak 70 urte baino gehiagoz klub komunitarioak garatutako legedira egokitzeko duen gaitasuna ere.

Ukrainari dagokionez, Europako Batzordeak Kieven aldeko irizpena eman du, talde komunitarioko kide diren estatuei Ukrainari hautagai estatusa emateko. Moldaviak ere Ukrainaren irizpen bera jaso du; Georgia, berriz, hautagai estatusa jasotzeko egiturazko erreformak egiteko zain dagoela adierazi du Von der Leyenek. «Georgiak politikoki bat egin behar du orain, egiturazko erreformarako eta EBn sartzeko bide argi bat diseinatzeko».

Horrez gain, Europako Batzordeko presidenteak EBn sartzeko beharrezkoak diren erreformak zerrendatu ditu. Zehazki, zuzenbide estatuaren arloan egiteke dagoen lana aipatu du Von der Leyenek: hala nola justizia kontseilariak izendatzea, ustelkeriaren aurkako agentzia operatibo bat izatea eta oligarken aurkako legea edukitzea.

Ukrainari EBn sartzeko hautagai estatusa emateko proposamena Alemaniaren Frantziaren eta Italiaren babesa jaso eta biharamunean heldu da; Ukrainari EBn sartzeko hautagai estatusa «berehala» emateko eskatu zuten. Hori bai, Ukraina talde komunitariora batzeko hautagai gisa onartzeko erabakiak EBko kide diren 27 estatuen adostasuna behar du.

Herbehereek, Austriak eta Portugalek, esaterako, uste dute Kiev ez dagoela «batere prestatuta» EBn sartzeko. Horrez gain, arriskua ikusten dute «itxaropen faltsu» bat pizteko ukrainarrengan, Turkian gertatu zen bezalaxe. Amsterdamek hartu dezakeen jarrerak kezkatu du Brusela; izan ere, 2016an, Herbehereek ezezkoa eman zioten EBk Ukrainarekin zuen elkartze akordioari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.