Azkena Rock

Itzultzea da gauzarik ederrena

The Offspring, Fu Manchu eta The Toy Dolls taldeek sasoiko daudela erakutsi dute Azkena Rock jaialdiaren lehen egunean. Entzuleen arreta bereganatu zuten, halaber, Morgan eta Morgan Wade taldeek. 

Morgan Wade country abeslariaren kontzertuak bat baino gehiago harritu zuen atzo. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2022ko ekainaren 17a
14:11
Entzun

Halako ilusio berezi bat, ohikoa baino gogo eta irrika handiago bat sumatzen zen atzo, Azkena Rocken lehen egunean. Mendizabalako kontzertu gunera sartzearekin batera elkarri emandako besarkadak, sare sozialetarako ateratako urteroko argazkiak, eta belarritik belarrirainoko irribarreak ziren horren erakusgarri. Dena zen berdin, baina dena zen desberdin aldi berean. Bi urte ez baitira oharkabean pasa. Baina rock zaleak badaki behin abaro izan zuen tokira itzultzea etxera itzultzea bezala dela, eta hori baino gauza ederragorik gutxi direla.

Hamar urteren ondoren hirugarren eguna berreskuratuta ekin zion Azkenak bere 20. urtemugari. Mendizabalako ateak 18:00etan ireki zituzten, baina ostegun lan eguna izateak ez zuen askorik eragin jendearen sarrera ordutegian, gehienak ordurako bertaratu baitziren. Bero sapa ikaragarria egiten zuen ordurako, eta ilara luzeak ere sortu ziren tarte batez, baina ez zen aparteko arazorik izan.

Rock hotsak, ateak irekitzerako

Zaleak sartzen hasi zirenerako hasita ziren lehen akordeak, halere. Dirty Honey taldeari tokatu zitzaion Mendizabalako bi urteko isiltasuna haustea. AEBtako taldea 2017an eratu bazen ere, urte gutxiko tartean sona handia lortu du nazioartean. Rock klasikoaren moldetik askorik aldendu gabe, ikuskizun indartsua eskaini zuten, nahiz eta zale gehienak oraindik ez egon arreta jartzeko moduan. Arratsalde iluntzean aritzeko moduko taldea izan zitekeen zentzu horretan, baina antolatzaileek apustua egin nahi izan zuten zaleak hasieratik erakartzeko kontzertu gunera. Ateen irekiera ordu laurden lehenago izateak ez zien lagundu, ordea.

Giroak ez zuen askorik behar izan berotzeko, hala ere. Berehala poltsikoratu baitzituen zaleak Morgan Wadek ere. Tantaka-tantaka hasi zen jendea bigarren agertoki nagusiaren inguruan biltzen, eta jendetza baten aurrean eman zuen kontzertua azkenerako. Bat baino gehiago harritu zuen sarri pop rockera ere lerratzen zen country rock doinuak, eta dantzan jarri ere bai. Are gehiago Elvisen Suspicious minds kantuaren bertsioa aurkeztu zutenean.

Dantza eta mugimendu horrek jarraipena izan zuen Hiss Golden Messengerren kontzertuan ere. Country musika oinarri, folk, blues eta americana doinuetan ere murgildu zen kantaria, eta Fender Telecaster gitarraren erritmora mugitzen jarri zituen ikusleen aldakak. Oholtza nagusiaren inguruak lepo zeuden ordurako, hitzordu nagusiak iritsi zain.

Aurretik baina, arnas eta pausa une txiki bat eskaini zuen Morganek. Egunari kontrastea eman zion ikuskizunetako bat izan zen, zalantzarik gabe. Taldeak 2019an jo zuen azkenekoz Azkenan, eta ordutik hazi egin da haren itzala, batez ere, iaz kaleratu zuen The River and the Stone lanari esker. Disko horretako Alone abestiarekin ekin zioten kontzertuari. Ahots koruen eta teklatu doinuen laguntzarekin atmosfera hunkigarria sortu zuten lehen unetik.

Atze oihalean taldearen izena letra zuri eta handiekin idatzita zutela azaldu ziren taldekideak oholtzan, eta tartean zen David Gonzalez Berri Txarrak taldeko baxu jotzaile izandakoa ere, kide berri gisara. «Ikaragarria da berriz hemen izatea, Azkena!», oihukatu zuen Ninak, hunkituta. Indie eta pop rock doinuak lagun, kantuz kantu joan ziren energia bereganatzen. Teklatutik altxatu eta agertokiaren erdigunea ere hartu zuen abeslariak. «Ez naiz agertokiaren erdigunean aritu zalea, baina gaur bezalako egun batez, zer nahi duzue esatea, ez naiz eserita geratuko». Horretarako eguna baitzen, sentimendu orori bide ematekoa. Marry you apoteosiko batekin itzuli zieten entzuleei ordubete pasako saioan lapurtutako maitasun guztia, eta apustu segurua dela erakutsi zuen taldeak beste behin.

Entzuleak kateatuta

Iluntzearekin batera eta ikusleak oraindik aurreko kontzertuko gorabehera emozionalei aurre egin ezinik zirela iritsi zen eguneko kartelburuetako baten txanda. Ez zuten aurkezpenik behar, eta hitzik esan gabe ekin zioten gitarrak astintzeari The Offspring taldeko kideek. Staring at the sun eta Come out and play kantuaren lehen akordeak nahikoa izan ziren Mendizabalak eztanda egiteko.

«Ederra da bueltan izatea», oihukatu zuen Noodles gitarristak aurreneko etena iritsi zenean. «Rock-and-rollaren inoizko gaurik ederrena izango da!». Taldeak ongi daki nola kateatu publikoa, eta airean eraman zuten une oro punk rockaren abestirik ezagunak jotzen zituzten bitartean. Ez ziren iraganeko piezatara mugatu, hala ere; tarteka iaz kaleratu zuten Let the Bad Times Roll diskoko kantu berriak ere jo zituzten. Amaierarako utzi zituzten ereserki ezagunenak, ordea: You're Gonna Go Far, Kid eta Self Esteem, besteak beste. Ez zen kontzertu bereziki azpimarragarria izan, baina bertaratu zirenek gogotik gozatu zuten.

Fu Manchuren zuzenekoak ere gehiago izan zuen izenetik izanetik baino. Hard rockaren eta stoner rockaren ikurra denak ordubeteko saioa indartsua eskaini zuen, ia etenik gabekoa: hasi eta buka. Ordurako entzule askok etxerako bidea hartu bazuten ere, doinu gogorren zale ugari bildu ziren bigarren agertokian, eta dena eman zuten King of the road edota California crossing kantuen riff gogoangarriekin. Bukaeran gehiago ere nahi zuten zaleek, baina taldeak entzungor egin zien Fu Manchuren izena behin eta berriz errepikatzen zutenei.

Urtebetetze festa

Aldiz, Mendizabala goitik behera aztoratu zuen The Toy Dolls hirukoak. Dantzan eta saltoka jarri zituzten etxeratzeko asmorik ez zuten milaka eta milaka entzule. Punk rock doinu jostagarriena ikur hartuta, festa amaiezin eta koloretsua bihurtu zuten Azkena Rocken lehen egun, tartean, Nellie the Elephant bezalako kantu aski ezagunei esker. Zorionak zuri abestiaren doinuekin hasi zuten kontzertua, taldearen 40. urteurrenari erreferentzia eginez, baina balio izan zuen Azkenaren 20. urtemugari ere keinu egiteko. Zorion festa biribiltzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.