Espetxe politika

Sarek salatu du euskal presoen %36 urruntze politiken menpe daudela

Azken lau urteetan hartu diren erabakien balorazioa egin du, etsipena  ezkutatu ezinik: «moteltasun ulertezin» bat ikusten dute erabakietan

2022ko ekainaren 18a
20:45
Entzun

«Gaur lau urte bete dira Sanchez presidenteak publikoki esan zuenetik Espainiako Gobernuak hiru hamarkada luzez aplikatutako salbuespeneko espetxe politika kentzeko eta espetxe politika arrunta ezartzeko prozesu bati ekingo ziola», azaldu du gaur arratsaldean Nafarroako Sareko ordezkari Mikel Mundiñano Larrazak erakundeak Iruñean egin zuen mobilizazioaren amaieran. Eta balantzea egiteko unea dela argudiatuta, datu bat eman du prozesua nahi luketena baino motelago doala esateko: «Urruntze politikarekin amaitzeko lehen urratsak eman dira azken urte hauetan, baita graduen progresioa ere. Baina, lau urteren ostean, oraindik ere euskal presoen % 36 urruntze-politika horren menpe dago».
Ez dute hor bakarrik ikusten hobetu beharra. «Lehen graduarekin amaitu den arren, bigarren gradutik hirugarrenera pasatzeko urratsa edota baimenak eskuratzeko urratsa 21 presori soilik onartu zaie», salatu du.«Datuek moteltasun ulertezin bat islatzen dute, are gehiago azken asteetan. Izan ere, ia bi hilabete igaro dira azken Euskal Herriratzea eman zenetik. Zertara dator moteltasun hau? Are gehiago, zertara dator geldialdi hau?».
Hori salatzeko izan da gaurko protesta; manifestazio bat izan da. Lanean jarraitzeko deia egin dute: «Bereziki, hasitako bideari bultzada ematen jarraitzeko. Argi baitugu jendarte zibilaren aktibazioari esker iritsi garela honaino eta urratsak ematen jarraituz. Salbuespeneko espetxe politikarekin behin betiko amaitzeko aukera dugu eskuartean eta lortu artean ez gara pausatuko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.