Kolonbia

Gustavo Petro ezkerreko hautagaia aukeratu dute presidente

Garaipen historikoa lortu du Petrok, parte hartze handiarekin, eta gardentasunez eginiko bozetan. Berrehun urtean lehenengo aldiz, ezkerrak aginduko du herrialdean.

Edu Lartzanguren.
2022ko ekainaren 20a
08:04
Entzun

Gustavo Petro izango da Kolonbiako hurrengo presidentea, botoen %50,44 eskuratuta. Haren lehiakide Rodolfo Hernandez eskuindarra hiru puntura geratu da, botoen %47,3 lortuta. Berrehun urtez, eskuineko gobernuak eduki dituzte Kolonbian, eta, lehen aldiz, ezkerrak aginduko du herrialdean.

Ikusi gehiago:'Gerrillaria, lehendakari', Martxelo Otamendiren analisia

Lehia gogorra izango zela aurreikusten zuten galdeketek, baina, azkenean, aiseago gailendu da Petro, 11.281.013 boto lortuta. Hernandezek ia milioi bat boto gutxiago jaso ditu: 10.580.412. Tarte txikiagoa espero zutenez, kezka zegoen galtzaileek iruzurra salatuko ote zuten eta emaitzak ontzat hartuko ez ote zituzten. Baina, azkenean, parte hartzea inoizko handienetakoa izan da —%58,09koa, eta abstentzioa, %41,91koa—, eta emaitzak oso azkar jakinarazi dituzte, zenbaketa gardentasun handiz egin ostean.

«Badator benetako aldaketa», esan du Petrok, Bogotan bildu dituen milaka jarraitzaileen aurrean. «Ez diegu traiziorik egingo herrialdeari eta historiari gaur Kolonbia bestelakoa dela ozen esan dioten hautesleei». Presidenteorde izango den Francia Marquezekin agertu da Petro. «Politika berri bat sortuko dugu», esan zion Marquezek BERRIAri joan zen astean.

Petrok «itun nazional handia» eskatu du, eta iragarri du beste alderdien laguntza eskatuko duela, gobernatzeko.

Hernandezek porrota onartu du. Ustekabean pasatu zen hautagaia bigarren itzulira, ustelkeriaren kontrako mezu populista batekin, eskuineko beste hautagai klasikoei aurrea hartuta.

Alvaro Uribe presidente ohiak (2002-2010) ere ontzat eman du Petroren garaipena. «Petro da presidentea. Sentipen batek gida gaitzala: lehenbizi, Kolonbia».

Ivan Duque orain arteko presidenteak zorionak eman dizkio Petrori, telefonoz, eta, adierazi duenez, datozen egunetan biltzea adostu du harekin, trantsizio «garden» bat hasteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.