Donostian kaleko afari solidarioak jasotzen dituzten herritarren ia %60k 30 urte baino gutxiago dituzte

Donostiako Udalak azterketa bat egin du Parte Zaharreko eta Egiako kaleko afari solidarioak jasotzen dituzten herritarren inguruan, haien ezaugarrien berri izateko eta «eskaintzen zaien arreta hobetzeko».

Parte Zaharreko boluntario bat, beharra duen pertsona bati otordu bat ematen. JOSEBA PARRON SAN SEBASTIAN
2022ko ekainaren 20a
15:15
Entzun

2020ko azaroan, Donostiako Parte Zaharreko bizilagun gutxi batzuk afari beroak eramaten hasi ziren Konstituzio plazan lo egiten zuten pertsona talde txiki bati. Afari bero baten beharra zuen gero eta jende gehiago hasi zen Konstituzio plazara joaten, eta boluntario kopurua ere handituz joan zen. Beharra handia zela ikusita, 2021eko martxoan beste boluntario talde bat osatu zuten Egian; iazko azaroan boluntarioek emandako datuen arabera, Parte Zaharrean 35 afari banatzen dituzte egunean, batez beste, eta Egian, berriz, 65. Berriki, beste boluntario talde bat sortu dute Amara Berrin. Horrez gain, hirian badaude etxegabeentzako otorduak banatzen dituzten beste egitasmo eta erakunde batzuk ere: udalaren Otorduak programa, Caritas, Gurutze Gorria eta Jatorkin elkartea, nagusiki.

Testuinguru horretan, udaleko Gizarte Ekintza Sailak, Lotura Giza Garapena (LGG) enpresaren bidez, azterketa bat egin du otorduak jasotzen dituztenen inguruan; Aitziber San Roman Gizarte Ekintzako zinegotziak azaldu duenez, helburu hauek betetzeko egin dute ikerketa: «Hirian egiten ari diren jarduerak aztertzeko eta horien ezaugarrien berri izateko, egitasmo horietan parte hartzen duten taldeei ondorioak jakinarazteko, eta zerbitzu hori jasotzen duten kolektiboei eskaintzen zaien arreta hobetzeko». Horrela, otsailean, martxoan eta apirilean Egiako eta Parte Zaharreko boluntario taldeen afariak jasotzera joan diren herritarrekin egin du azterketa LGGk.

San Romanek azaldu duenez, guztira 136 lagunek jaso dituzte afariak bi gune horietan, eta, «denak» elkarrizketatzeko asmoa bazuten ere, 97 elkarrizketatu ahal izan dituzte azkenean, talde osoaren %71,32. Zinegotziak nabarmendu du elkarrizketatutako guztiak gizonak direla eta etxerik gabe daudela. «%78,3 hiriko kaleetan bizi dira, eta kalean igarotzen dute gaua. Nabarmentzekoa da, gainera, gazteak direla: %58,76 18 eta 29 urte artekoak dira, eta %29,90, berriz, 30 eta 44 urte artekoak».

Bestalde, San Romanek azaldu du elkarrizketatutako herritar gehienak, %91,76, jatorri magrebtarrekoak direla, eta «ia erdiek» ez dutela gaztelaniaz hitz egiten; «hori zailtasun bat izan da», gehitu du zinegotziak. Bestalde, nabarmendu du «joan-etorriko biztanleria» dela, eta hori ere zailtasun bat dela: «%72k sei hilabete edo gutxiago daramatzate Donostian, %88k urtebete baino gutxiago eta %35k hiru hilabete baino gutxiago. Asko mugitzen dira, eta horrek asko zailtzen ditu integrazio lanak». Era berean, zehaztu du %58 estatuko beste hiri batzuetan egondakoak direla. «Ondoriozta daiteke joan-etorriko biztanleria dela, edo errotze sentimendu ahula duena». Horrez gain, adierazi du elkarrizketatuen «%70k fitxa soziala irekita» daukatela Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuetan, eta pozik agertu da datu horrekin.

Irakurri osorik Irutxuloko Hitza-n.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.