Hezkuntza

Jaurlaritzak heldu den ikasturtean abiaraziko ditu segregazioaren aurkako neurriak

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak hezkuntza itunaren edukien gaineko kronograma aurkeztu du: sei urterako plana da.

arantxa iraola
2022ko ekainaren 20a
16:30
Entzun

Hezkuntza lege berriaren oinarria hitzartu zuten martxoan EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk. Martxoaren 29an, oniritzia eman zioten itun horri Hezkuntza Batzordean, eta apirilaren 7an, osoko bilkuran. Gaur, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak itun horretan oinarritutako kronograma aurkeztu du Hezkuntza Batzordean, hau da, datozen sei urteetan egin beharrekoen zerrenda. Neurrien artean, askotarikoak daude. Sailburuak berak gogoratu du hezkuntza sistema «eraldatzea» dela helburua funtsean, eta erronka handia dela, datozen «hamarkadetarako» egindakoa. Ekitatearekin eta segregazioarekin lotutako neurriak hamalau dira; horietako batzuk ja martxa daudela jartzen du aurkeztu duten kronograman, eta gainerakoak heldu den ikasturtean ezarriko direla.

Neurri horien artean dago, besteak beste, egun itunpeko eskolek ezartzen dituzten kuotak galaraztea; funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeek halakorik kobratzen ez dutela ziurtatzeko «jardunbideak» ezarriko dira. Era horretan «gardentasunaren» alde egingo dela azpimarratu du sailburuak. Modu berean, araubideak garatuko dira itunpeko ikastetxeei «auditoriak» egiteko. Bildarratzek gogoratu du gai «konplexua» dela eskola segregazioarena, motibo asko daudela horren atzean, baina itunpeko ikastetxeen funtzionamenduari lotutakoak izango dira hainbat neurri. Baina beste asko ere badira kronograman: oro har, ikasleen banaketa egokiagoa ziurtatzea da helburua, eta ikasleen aniztasunari dagokionez aparteko erronkak dituzten ikastetxeak baliabidez hornitzea. Helburua da, baita ere, hezkuntza premia bereziak dituzten ikasleen inguruan indarrean dagoen araudia eguneratzea, ekitatearen egoerari buruzko datuak jasotzeko lan ildo bat ezartzea, eta irakaskuntzaren doakotasuna behatzeko kontrol mekanismoak aktibatzea. Era berean, «mugatu» egingo da gela bakoitzean dagoen ikasle «zaurgarrien» kopurua; horretarako araubidea prestatzen ari dira, heldu den ikasturtera begira.

Hezkuntza sistemaren planifikazioari dagokionez, besteak beste, asmoa da eskola publikorako berariazko plan estrategiko bat egitea. 2023. urtearen amaierarako iragarri dute kronograman. Horren harira, Hezkuntza sailburuari kritikak egin dizkiote gaur Hezkuntza Batzordean, argudiatuta eskola publikoak sistemaren ardatza izan behar badu aurrez behar dela plan hori. Bildarratzek, ordea, erantzun du lehenengo hezkuntza lege berria behar dela plan hori garatu ahal izateko, eta horregatik jarri dutela datorren urtearen amaieran; izan ere, 2023. urtearen erdialderako espero dute legea. Behin legea izan eta gerorako zerrendatu diren beste hainbat eginbehar ere badaude: besteak beste, Euskal Eskola Publikoaren Kontseiluaren araubidea moldatuko da, ikastetxe publikoen autonomiarako arau aldaketa egingo da, eta ikastetxeak publiko egiteko arauak ere aldatuko dira.

Aurrez, aurten bertan, euskal hezkuntza zerbitzu publikoa berriro formulatzeko plangintza egitea da asmoa. Haurreskolak Partzuergoaren indartzea ere urtea amaitu aurretik abiarazi nahi da. Zerbitzu «publikoa, unibertsala, kalitatezkoa eta doakoa» izatea da helburua. Eskola planifikazioaren eta itunpeko ikastetxeen gaineko akordioak aurten abiatu beharreko lanen artean zerrendatu ditu Hezkuntza Sailak.

Kogobernantza
Kogobernantzari eta partaidetzari buruzko neurriak 2023 amaieratik aurrera jarri dituzte egutegian. Horren barruan dago, besteak beste, tokiko administrazioarekin batera gobernatzeko esparrua jartzea, eta eskola kontseiluei buruzko legea eguneratzea: 2025erako jarri dute xede hori.

Eraldaketa pedagogikoari dagokion atalean, hezkuntzaren eraldaketarekin, digitalizazioarekin eta berrikuntzarekin lotutako planak daude, baita ikasle guztien premiak aseko dituen eredu eleaniztuna irakasteko esparru egoki bat finkatzea ere. Aurten bertan indarrean jartzekoak dira horiek. Euskararen Irakaskuntzarako Institutu bat sortzea ere badago planen artean. Behin legea ontzen denerako jarri dute hori ere, 2023an martxan jartzeko helburuen artean.

«Konpromisoaren» alde
Kritikak jaso ditu sailburuak, baina egutegi jakin bat aurkeztu izanak erakusten duen «konpromisoa» ere goraipatu diote talde politiko gehienek. PP izan da kritikan geratu den bakarra. Jose Manuel Gilek leporatu dio sailburuari «nazionalismoaren zerbitzura» jarri nahi dutela hezkuntza. Eraikitzaileagoak izan dira gainerako kritikak. Elkarrekin-Podemoseko ordezkari Iñigo Martinez Zatonek gogora ekarri dio eskola publikoaren aldeko zenbait eragilek kritiko hartu dutela hezkuntza akordioa, eta beren alderdian «irmo» egingo dutela eskola publikoaren alde. «Adi jarraituko dugu».

PSE-EEren izenean, Jose Antonio Pastorrek eskertu egin du kronograma; horri esker, neurriak betetzen ari diren hobeto «kontrolatu» ahal izango da. EH Bilduren izenean, Ikotz Arresek esan du beren ustez egutegia «ondo» eginda dagoela, «anbizio handiagoa» nahi lukete zenbait puntutan, baina ados daude. Hezkuntza itunaren funtsa hauspotzen jarraitu behar dela argudiatu du, haren mamia gizartean hedatzen: «Eraldaketa sakon baten hasiera da hau. Ez da egungoaren blindatzea. Bestelako eredu batera goaz». Babesa eskatu die Bildarratzek: «Ez da erraza. Sistemak egonkortasuna behar du. Konfiantza sortzen jarraitu behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.