Gizarte Segurantza

Autonomoen kotizazio berriak hitzartzeko epea amaitzen ari da

Gaurko bileran «aurrerapausoak» izan ondoren, datorren astelehenean saiatuko dira negoziazioa ixten. Diru sarrera apalak dituztenek gutxiago ordainduko dute, baina gutxienez 245 euro hilean.

Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroa. J.J.GUILLEN / EFE
Iker Aranburu.
2022ko ekainaren 20a
20:00
Entzun

Hil honen 30ean amaituko da Espainiako Gobernuak autonomoen kotizazio sistema berria hitzartzeko Europako Batzordeari agindutako epea. Denborarekin hasi zituen negoziazioak, baina hamar egunen faltan eta bere hasierako proposamena hainbat aldiz aldatu arren, oraindik ez du lortu autonomoen ordezkari nagusien onespena. Gaur bildu dira berriro, eta astelehenerako jarri dute hurrengo hitzordua, akordioa lortzeko esperantzarekin.

Bilera horretara testu berritu batekin agertuko da Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroa. Horretan agertzekoak dira atzoko bileran izandako «aurrerapauso garrantzitsuak».

Autonomoen elkarteen artean bereizketa handia egon da orain arte: baikorrago daude sindikatuei lotutako elkarteak, eta ezkorrago ATA, CEOE Espainiako patronaleko kide den erakundea.

Lehenengoen artean, Eduardo Abad UPTAko presidenteak ziurtatu du gaurko bilera «oso ona» izan dela. Lorenzo Amor ATAkoa, berriz, aurrekoetan baino gusturago azaldu da, diru sarrera handiagoko autonomoen kotizazioak pixka bat apaldu dituelako Escrivak, filtrazioen arabera.

Zenbat kotizatu?

Autonomoek hilero Gizarte Segurantzari egin beharreko kotizazioa da eztabaidagai nagusia. Gaur egun, langile autonomoek berek erabakitzen dute zenbat kotizatu nahi duten, eta hamarretik zortzik gutxienekoa pagatzen dute, 294 euro hilean. Baina sistema berriarekin, haien irabazien arabera kotizatuko dute: asko fakturatzen dutenek, gehiago, eta gutxi fakturatzen dutenek, berriz, gutxiago. Sistema horrekin autonomo gehienek gutxiago pagatuko dutela ziurtatu du Espainiako Gobernuak.

Gutxieneko kotizazioa 245 eurorena izango da, hilean 670 euro baino gutxiagoko diru sarrerak dituztenentzat. Gaur egun, autonomoen %40tik gora leudeke lehen tarte horretan Espainian, autonomoen elkarteen arabera.

Azken proposamenetan kotizazio kopuruak txikitu diren arren, artean sarrera apaleko autonomoei ahalegin handiegia eskatzen dietela ziurtatu du UATAEk (CCOO). Haren arabera, hilean 400 euro irabazten dituenak bere soldataren %60 bideratu beharko duela Gizarte Segurantza ordaintzera, eta asko fakturatzen dutenek %15eko ahalegina baizik ez dutela egin behar. Ezer ez edo oso gutxi irabazten duten hilabeteetan kotizatu behar izatea da beste kexuetako bat.
Espainiako Gobernuak uste du kotizazioetan gehiago bildu ahal izango duela, diru sarrera handiak izan eta orain ahalik eta gutxien ordaintzen duten autonomoek nabarmen gehiago ordaindu beharko dutelako. Gehienez, hilean 565 euro kotizatuko ditu hilean 4.050 eurotik gorako sarrerak dituenak.

Azken proposamenean, tarteko irabaziak dituztenen kotizazioak txikitu ditu Escrivak. Esaterako, 1.700 eta 1.850 euro artean fakturatzen dutenek hilean 370 euro ordainduko lituzkete, azken aurreko proposamenean baino 30 euro gutxiago.

Esperotako diru sarreren arabera ordainduko dute autonomo­ek, eta urtean sei aldiz aldatu ahal izango dute kotizazio tartea. Diru sarrerak uste baino txikiagoak izan badira, kotizatutakoa itzuliko du Gizarte Segurantzak, baina kontrakoa ere gertatuko da: autonomoak uste baino gehiago fakturatu badu, gehiago ordaindu beharko du.

Kopurua ez da handitu

Autonomoen kopurua ez doa ez gora eta ez behera. 2020ko otsailean, pandemiaren aurretik, 216.975 kotizatzaile zeuden autonomoen erregimenean; 2022ko maiatzean, berriz, kopurua ia bera da (216.961), baina Gizarte Segurantzak ia 33.000 kotizatzaile irabazi ditu tarte horretan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.