Albistea entzun

Zezenketak

Eibarko zezen plaza berdegune bat jartzeko botako duten iragarpena «gaizki-ulertze» bat izan da, udalaren arabera

Azken zezenketa 2009. urtean egin zuten han. Kirola egiteko erabiltzen da gaur.

Eibarko zezen plaza.
Eibarko zezen plaza. Marisol Ramirez / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Edu Lartzanguren - Maria Ortega Zubiate -

2022ko ekainak 21

Zezen plaza laster botako dutela adierazi zuen Eibarko Udalak (Gipuzkoa) duela bi aste. Libre geratuko diren 5.000 metro koadroen inguruan berdegune bat jarriko zutela iragarri zuen erakundeak, ohar baten bidez. Deigarria egin zitzaion askori erabakia, PSE alderdiak gobernatzen baitu udala, eta alderdi horretako idazkari nagusi Eneko Andueza baita zezenketak jendaurrean defendatzen dituzten politikari bakanetako bat Euskal Herrian.

Baina udalak atzera egin du azken egunotan, eta jarrera aldatu du, Gipuzkoako Hitza-ri esan dionez. Oharra «txarto ulertu» zela adierazi dute, eta hedabideekin harremanetan ibili direla euren jarrera «argitzeko». Azaldu dutenez, planean ez dago zezen plaza botatzea. Berdegunea egiteko asmoa dagoela bai, baina horrek ez duela esan nahi zezen plaza nahitaez bota behar dela, «inguruan» ere egin daitekeelako. Lehiaketa publiko bat zabalduko dute orain, eta arkitektoek aurkeztuko dituzte proposamenak. Egitasmorik interesgarrienak plaza eraistea eskatzen badu, orduan erabakiko dute botatzea.

Gipuzkoako Hitza-k luze eta zabal landuko du gaia ostiralean argitaratuko den erreportaje batean.

Anduezaren alderdikideek argudiatu dutenez, plaza ez da behar bezain beste erabiltzen. Azken zezenketa 2009. urtean egin zuten. 2012. urtetik, kirola egiteko bi kantxa daude hondarrean: bat teniserako, eta beste bat futbolerako edo saskibaloirako. 3.300 ikuslerentzako eserlekuak ditu plazak.

Haatik, plazaren azpiko orubea balio handikoa da. Gune zabala eta laua da, halako gutxi dituen hiri ezin trinkoago batean. Eraikina botatzeko eta parke bat egiteko erabakiarekin herritarren bizi kalitatea hobetzeko apustua egin duela esan zuen udalak duela bi aste. «Ohiturak aldatzen ari dira, eta gero eta gehiago eskatzen dira gune zabalak eta kalitatekoak», idatzi zuen Jon Iraola alkateak (PSE).

1903. urtean zabaldu zuten Eibarko zezen plaza. 1936ko gerran kalte handiak pairatu zituen, eta berreraiki egin behar izan zuten. Azken hamarkadetan, udala etengabe saiatu da plazari eusten. Estaliriko plaza egiteko egitasmo bat egin zuten, baina ez zen gauzatu. 2009. urtean, udalak erabaki zuen botatzea, bestelako ikuskizunak eta jarduerak ere egiteko aukera emango lukeen eraikin bat altxatzeko. Baina zezenketazaleak gero eta gutxiago dira, eta, azkenean, plaza bota edo ez bota, zezenari adarretatik heldu beharko diote.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©BERRIA
Miarritzeko harrotasunen martxa, atzo. ©BOB EDME

«Mugak hausteko» harrotasunez hartu dituzte Miarritzeko karrikak

Oihana Teyseyre Koskarat

Ehunka lagun bildu dira harrotasunaren martxan. LGTB komunitateko eragileek nabarmendu dute gora egin dutela horien kontrako erasoek
Barakaldon eraso matxisten aurka egindako elkarretaratze bat, aurtengo martxoan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Gizon bat espetxeratu dute, neska lagun ohia hiltzen saiatzea egotzita

Jon O. Urain - Maddi Ane Txoperena Iribarren

Labanaz eraso dio andreari, eta emakumea larri dago, Gurutzetako ospitalean. Basauriko kartzelan sartu dute gizona. Mugimendu feministak elkarretaratzera deitu du gaur arratsalderako Barakaldon

Osasun zentro bateko sarrera, artxiboko irudi batean. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Bere burua hiltzen saiatu direnen arreta hobetzeko prozedura, abian

Oihane Puertas Ramirez

Oraintsuko Suizidio Ahaleginaren Kodea Osakidetzako sare osoan dago erabilgarri

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...