Afganistan

Mila pertsona baino gehiago hil dira Afganistanen lurrikara baten ondorioz

Beste 610 pertsona zauriturik daude. Herrialdearen ekialdean gertatu da lurrikara: Jost hiritik ia 45 kilometrora eta lurrazaletik 50 kilometro ingurura.

Afganistan ekialdean gertatu da lurrikara.
Nagore Arin.
2022ko ekainaren 22a
09:37
Entzun

Lurrikara izugarri bat izan da bart Afganistan ekialdean. Richter eskalaren neurgailuan sei gradu pasatxo erregistratu ditu seismoak, eta, agintariek orain gutxi eguneratutako datuen arabera,milatik gora hildakoak. Minutuak pasatu ahala, gero eta gehiago dira baieztatutako hildakoak, eta hainbat hedabideetako kazetariek jadanik mila direla adierazi dute.

Jende andana ere zauritu da astinduaren ondorioz: Sharafudin Muslime Afganistango Hondamendiak Kudeatzeko ministrordeak prentsaurreko bat eman du datu horiek xehatzeko, eta adierazi du hildakoez gain 1.500 baino gehiago direla zaurituak.

USGS AEBko Zerbitzu Geologikoak ziurtatu duenez, Jost hiritik ia 45 kilometrora gertatu da lurrikara, Pakistango mugatik gertu, eta lurrazaletik 50 kilometro ingurura sortu da. Gayan distrituan eragin du kalte gehien, Paktika probintzian: han 215 hildako zenbatu dituzte orain arte.

«Zoritxarrez, bart gauean lurrikara larria izan da Paktika probintziako lau barrutitan. Gure ehunka herrikide hil eta zauritu ditu, eta dozenaka etxe suntsitu», adierazi du Bilal Karimi Afganistango Gobernuko bozeramaileak. «Laguntza agentzia guztiei eskatzen diegu berehala bidal ditzatela baliabideak ingurura, hondamendi handiagorik gerta ez dadin», esan du Twitterren argitaratutako mezu batean.

Hebatula Ajundzada talibanen buruzagiak ere hitz egin du. Tristura agertu du gertatutakoagatik, eta babesa adierazi die lurrikararen ondorioz hil direnen senideei eta gertukoei. Halaber, nabarmendu du agintariek «beharrezko neurri guztiak hartuko dituztela martiriak ebakuatzeko eta zaurituak garraiatu eta berehala laguntzeko». Nazioarteko komunitateari ere mintzatu zaio, laguntza eskatuz: «Karitate erakundeei eta erakunde humanitario guztiei eskatzen diegu laguntzeko Afganistango herriari tragedia handi honi aurre egiten».

Ramiz Alakbarov Nazio Batuek Afganistanen duten koordinatzaileak azpimarratu du OCHA Nazio Batuen Bulegoko eta NBE Nazio Batuen Erakundeak herrialdean duen taldeko kideak lurrikararen ondorioak aztertzen ari direla, beharrei erantzuteko. Era berean, Janez Lenarcic Krisiak Kudeatzeko Europako komisarioak Twitterren adierazi du ERCC Larrialdiei Erantzuteko Koordinazio Zentroa «hurbiletik» erreparatzen ari zaiola Afganistango egoerari, eta prest dagoela Europako Batasunaren laguntza koordinatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.