Atxiloketak

Lau gazte atxilotu dituzte Senperen, etxe agentzietan izandako tindaketen harira

Euskal Irratien arabera, goizean izan dira atxiloketak. Tindaketen bidez hiltzeko mehatxuak egitea eta gaizkile talde bateko kide izatea egozten diete gazteei.

Senpereko higiezin agentzia bateko tindaketak. BOB EDME
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko ekainaren 22a
09:55
Entzun

Lau lagun atxilotu ditu Frantziako Poliziak goizean Senpereko inguruetan (Lapurdi). Herriko etxe agentzietan izandako tindaketekin lotuta atxilotu dituzte. Baionako prokuradore Jerome Bourrierek BERRIAri baieztatu dio andeatzeak egitea eta mehatxu egin izana leporatzen dietela lau atxilotuei. Paueko (Okzitania) polizia etxean dauzkate, atxiloaldian. Atxilotuetako bat Senpereko hautetsia da, Senpere Bai talde abertzaleak jakinarazi duenez.

Atxiloketak salatzeko elkarretaratzea eginen dute Senpereko herriko etxearen aitzinean, 19:00etan, Utz gazteria bakean lelopean. Sostengua jaso dute lau gazteek: EH Baik, Kontseilu Sozialistak, LABek eta Xuti Gazte dinamikak «berehala» askatzea galdegin dute, eta elkarretaratzean parte hartzeko deia egin. Era berean, Senpere Bai herriko talde abertzaleak atxiloketak gaitzetsi ditu ohar baten bidez. «Frantziako Poliziaren operazio honek Euskal Herriko gazteria kriminalizatzea du helburu, Frantziako Estatuaren betiko norabidea segituz», erran dute.

Halaber, Frantziaren gelditasuna salatu dute etxebizitzaren krisiari dagokionez: «Gure herriak bizi duen higiezinen espekulazio azkarraren kontra Frantziako Estatuak deus egiten ez duen honetan, afera honetan hartutako zentzugabeko neurriak salatzen ditugu. Etxebizitzaren problematika da zinezko oinarrizko arazoa. Etorkizunaz kezkatua agertzen den gazteria aktibo bat kriminalizatzea hobesten du Frantziak, Euskal Herriak etxebizitzaren arloan bizi duen arazoari berehalako erantzun konkretuak atzeman ordez».

Iragan apirilean, ikerketa berarekin lotuta, beste lau gazte atxilotu zituen Frantziako Poliziak Lapurdin. Atxiloturik egon ziren Pauen, eta egunean berean libre utzi zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.