Albistea entzun

Donostiako 57. Jazzaldia

Amina Claudine Myers eta Mulatu Astatke sarituko ditu Donostiako 57. Jazzaldiak

Uztailaren 20tik 25era egingo da jaialdia, eta 84 kontzertu izango dira denera, hiriko hamalau agertokitan. Simple Minds, Curtis Harding, Vintage Trouble, Gregory Porter, Iggy Pop, Diana Krall eta beste daude aurtengo izarren artean.

Amina Claudine Myers, Donostiako 57. Jazzaldiaren bi sarituetako bat.
Amina Claudine Myers, Donostiako 57. Jazzaldiaren bi sarituetako bat. Donostiako Jazzaldia Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2022ko ekainak 22 16:12

Bi urteren ostean, aurtengoa ez da izango «normaltasunerako» itzulera, ezpada estiloen, belaunaldien, publikoaren eta musikarien arteko «besarkaden urtea». Gogoz azpimarratu du hori Miguel Martin Donostiako Jazzaldiko zuzendariak, eta «kalitatezko musikarekin gozatzeko» abagunea izango dela ospatu du. Iragarrita zeuden dagoeneko aurtengo kartelburuak, baita hondartzako agertoki nagusiaren itzulera ere —Simple Minds, Curtis Harding, Vintage Trouble eta besterekin—; baina gaur jakinarazi dute zeintzuek jasoko dituzten Donostiako 57. Jazzaldiaren sariak: Amina Claude Myersek eta Mulatu Astatkek, jazzean ibilbide sendoa osatua duten artistak biak. Uztailaren 20an ekingo diote aurtengo aldiari, eta, hilaren 25era bitartean, hamalau agertokitan banatutako 84 kontzertuk osatuko dute programa.

Hirugarrenez itzuliko da Donostiako Jazzaldira Amina Claude Myers aurten. Martinek oroitu duenez, kantari, organista eta pianista afro-amerikarra 1993. urtearen bueltan izan zen aurrenekoz jaialdian, eta B. B. King jazzeko izar handiaren aurretik jotzea tokatu zitzaion orduan, Trinitate plazan. «Izugarrizko kemena erakutsi zuen», txalotu du. Hastapenetatik, abangoardiako jazzari lotu zen musikaria dela ere aipatu du, eta, musikan soilik ez, mugimendu sozialetan eta batik bat komunitate afro-amerikarraren aldeko jardunean ere nabarmendu dela gehitu. Bere izenean 11 disko kaleratu ditu, baina ezin konta ahala kolaborazio egin ditu izen handiko musikariekin, eta antzerkirako obrak idazten eta orkestrak zuzentzen ere jardundakoa da, besteak beste.

Mulatu Astatke, berriz, lehen aldiz helduko da aurten Donostiara. Iaz zen etortzekoa, baina, bidaiatzeko zailtasunak zirela-eta, haren kontzertua bertan behera gelditu zen azkenean. Ethio-jazzaren fundatzailetzat hartzen da bibfrafonista eta perkusionista etiopiarra, eta Martinek zehaztu du bera izango dela Jazzaldiaren 57 urteko historian sari hori jasoko duen lehen musikari afrikarra. Etiopiako 1970eko «urrezko urteen» ondotik, 1998tik aurrera hartu zuen sona ostera Astatkeren musikak, Ethiopiques disko sailaren hasierarekin —2005ean, sail horretako bere abestietako zazpi Jim Jarmuschen Broken Flowes filmean azaldu ziren—.

Ohi denez, bi sarituek emanaldi bana eskainiko dute jaialdian. Amina Claudine Myers uztailaren 24an ariko da Trinitate plazan —Ben Lamar Gay izango da bertan haren ondotik—, eta Mulatu Astatkek, berriz, Zurriolako hondartzan eskainiko du kontzertua, uztailaren 21ean, 20:45ean hasita.

Ugaria kontrasteetan

Hondartzako agertoki nagusian joko dute, halaber, duela bi urtetik iragarrita egon diren hainbat izen handik. Zain izan dituztela adierazi du Martinek, eta eskertu egin die etortzeko konpromisoari eutsi izana. Horien artean aipatu du Simple Minds, Zurriolan jotzen lehena izango den Glasgowko talde beteranoa. Uztailaren 21ean izango da haien emanaldia, eta Curtis Harding ere ariko da egun berean, soularen eta R&Baren egungo kantari aupatuenetako bat. Iazkoa du If Words Were Flowers lanik berriena.

Hurrengo egunean, ostiralez, Monophonicsen eta Christone Kingfish Ingramen musika beltzak hartuko du hondartza —Keler gunea izango da aurrerantzean—; soula, funka eta rock psikodelikoa lantzen duen San Frantziskoko taldea da lehena, eta Mississippitik datorren blues gitarrista gaztea bigarrena.

Larunbat-igandeko iluntzeetan, berriz, Kate Stables buru duen This is The Kit taldea eta Vintage Trouble laukote estatubatuar dantzaria ariko dira Zurriolan, lehenik; eta Pillow Queens dublindarrak eta Leon Benavente espainiarrak, azkenik.

Duela aste batzuetatik aurreratuta zeuden aurtengo egitaraua osatuko duten artista gehientsuenak —Herbie Hancock, Iggy Pop, Diana Krall, Yann Tiersen, Gregory Porter, Hiromi, Louis Cole, Sofiane Pamart, Marco Mezquida, Oreka TX, Craig Taborn eta beste—, eta tokiko taldeen zerrendarekin osatu dute gaur. Horien artean daude, besteak beste, Atrisma, Mikel Moreno, Eva Alcaide, Aldapeko Basque Latin Jazz, Hirukote, Broken Brothers Brass Band, Sara Mansilla, J-Silk eta beste. Kursaaleko terrazan —Frigo eta Fnac guneak—, Forum Fnac, Garbera, Nauticool eta Txikijazzen ariko dira haien emanaldiak.

Pandemia aurreko zenbakiengatik soilik ez, egitarau «oso ugaria» antolatu izanagatik azaldu da pozik jaialdiko zuzendaria: «Proposamen berritzaileak proposamen oso komertzialekin uztartuko dira, gazteak beteranoekin, eta lehen-lehen mailako nazioarteko artistak bertako jazz musikariekin».

Txikijazz ere handitzen

Berrikuntzak ere izango dira aurten, eta, batik bat, Txikijazz adarrekoari egin diote azpimarra antolatzaileek. Sailaren arduradun Esther Fernandinok azaldu du familiei zuzendutako kontzertu eta jardueren zikloak hamar urte bete dituela aurten, eta, urtemuga aitzakia, handitu egin dituztela bai programa eta baita asmoak ere: hiru egunetik bost egunera luzatu dute egitaraua, eta bikoiztu egin dituzte guneak —Garbera, Kutxa Kultur Tabakalera, Fnac gunea eta Txillida Leku—. Denera, hamabost tailer eta bederatzi kontzertu antolatu dituzte; denak goizez eta doan, Txillida Lekukoak izan ezik.

84 kontzertuetatik 54 izango dira doakoak, eta eskuragarri daude jada sarrerak jaialdiaren webgunean; baita abonamenduak ere, Trinitate plazako (128 euro), San Telmo museoko (116 euro) eta Viktoria Eugeniako kontzertuetarako (28 euro).

Martinek zuzeneko musikaren aldeko apustua egiten duela berretsi duen arren, bertaratu ezin direnentzat streaming bidezko eskaintza bat landu dutela ere iragarri du; hamalau kontzertu izango dira, denera —Trinitate plazakoak bost eta Viktoria Eugenia antzokikoak bederatzi—.

Azken berrikuntza berezi baten berri ere eman dute goizeko agerraldian: lehen aldiz, Ane Pikazak egindako kartelaren edizio mugatu bat —57 kopia— NFT formatuan argitaratu dute. Dohainik eskuratu daitezke Jazzaldiaren webgunean, eta bertan jarri dituzte horretarako argibideak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Itziar Leemansen 'Ximinoa' filma. ©Gastibeltza Filmak / Al Borde Films

Del Campo, Herguera, Leemans eta Perez Sañudo, Kimuak-en katalogoan

Andoni Imaz

Hautatutako zazpi film laburretatik bakarra da euskara hutsezkoa: Iban del Camporen Sorbeltza. Itziar Leemansen Ximinoa euskaraz eta frantsesez da.

Iruñeko Gazteluko plaza, 2022ko uztailaren 6an, Carlos Jean DJa ari zelarik. ©Rodrigo Jimenez, EFE

Merina Gris, Olaia Inziarte, Skabidean eta ETS Iruñeko sanferminetan arituko dira

Uxue Rey Gorraiz

Uztailaren 6tik 13ra izanen diren kontzertuak iragarri ditu Iruñeko Udalak: kontzertuak Gazteluko plazan eta Konpainia plazan izanen dira. Foruen plazan DJak ariko dira, arratsaldez eta gauez.

Josu Penades idazlea, atzo, Donostian, eleberria eskuetan duela. ©JON URBE / FOKU

Egarriak asetzeko hiru motibo

Naroa Torralba Rodriguez

Josu Penadesen 'Egarria' eleberria eman du Alberdaniak. Aita-seme batzuk ditu protagonista
 ©JON URBE / FOKU

«Tokiko zinema bat pentsatzeak mesede egingo luke»

Andoni Imaz

Zinemaren industriatik aparte dabil Costa eroso, eta bide horren balioa defendatzen du, autore zinema «ustelaren» aurrean. Miresten dituen zinemagileak ekartzen ditu ahotara maiz: «Poesia galtzen ari da».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...