CAFek 250 milioi euroko kontratu bat lortu du Arabiar Emirerri Batuetan

Etihad Rail estatuko tren kudeatzailearekin sinatu du tratua, trenak fabrikatzeko, hornitzeko eta horien mantentze lanak egiteko

CAFen tren bat, Saudi Arabian. CAF
Julen Otaegi Leonet.
2022ko ekainaren 23a
11:13
Entzun 00:00:0000:00:00

CAF tren konpainiak bolumen handiko eskaera bat lortu du Arabiar Emirerri Batuetan. Etihad Rail estatuko tren kudeatzailearekin sinatu du tratua, herrialdeko trenbide sarerako trenak diseinatzeko, fabrikatzeko, hornitzeko eta mantentze lanak egiteko. Kontratuaren bolumena 250 milioi euro baino gehiagokoa da.

Azken kontratu horrekin, ez da txikia geratu Beasaingo konpainiaren eskaera zorroa. Ekialde Hurbilean martxoan beste bi akordio sinatu zituen: Tel Aviven eta Saudi Arabian, 525 milioi eta 200 milioi eurokoak, hurrenez hurren. Aste honetan ere 200 milioiko kontratua sinatu du konpainiak Montpellier (Okzitania) inguruko tranbia sarea hornitzeko.

CAFen tren bakoitzak 400 bidaiari pasatxorentzako lekua izango du –ez du zehaztu zenbat tren fabrikatuko dituen guztira–. Diesel trenek har dezaketen abiadurarik handienean ibiliko dira: 200 km/h. Horrela, bidaien denbora %30-40 inguru murriztea lortuko da.

Arabiar Emirerri Batuko trenbide saren nazionala hobetzeko planaren pean kokatzen da 250 milioi euroko kontratu berri hori. 2030erako tren sareak hamaika hiri lotzea aurreikusi dute, urtean 36,5 milioi bidaiari izateraino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.