Lan gatazkak

Greban dira gaur Bizkaiko eta Gipuzkoako ehungintza sektoreko langileak

ELAk merkataritza sektorearen egoera «jasanezina» salatu du. Biharko ere grebara deitu dute Bizkaiko langileek.

Langileak, arropa denda baten parean, Bilboko Kale Nagusian. ELA
Julen Otaegi Leonet.
2022ko ekainaren 23a
12:01
Entzun

Merkealdien lehen egunean, itxirik dira kate handien hainbat denda. Beste batzuek irekirik jarraitzen dute, langile gutxi badira ere. Izan ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako ehungintzako, larrugintzako eta oinetakoen sektoreko hainbat langilek planto egin dute.

Zazpigarren greba eguna dute gaurkoa Bizkaiko langileek; goizetik dihardute protestan Bilboko Kale Nagusian. 8.500 langileri eragiten die grebak. ELA sindikatuak «positibotzat» jo du gaurko lanuztea. Cecobi eta Bizkaidendak patronalei exijitu die negoziazioa blokeatzeari uzteko, eta «seriotasuna eta erantzukizuna» erakusteko. Atzo bertan elkartu zen negoziazio mahaia, baina, ELAk adierazi duenez, «ez zen nahikoa aurrerapausorik eman».

Proposamen «erregresiboak»

Egoera «jasanezina» dela salatu du sindikatuak, eta Cecobik eta Bizkaidendakek negoziazioan «elementu atzerakoiak» proposatzen dituztela gogoratu: antzinatasun plusa kentzea, gaixo agiriko %100eko osagarria kentzea, udako larunbat arratsaldeetako librantza kentzea, eta soldata KPIaren azpitik igotzea. Merkataritza sektorea «erabat» feminizatuta dagoela azpimarratu dute langileek; horien ia %98 dira emakumeak. «Beste behin ere, sektore feminizatuen lan egoeraren isla da», deitoratu dute.

12:30etik aurrera, grebalariak Bizkaiko Foru Aldundiaren parean bilduko dira. San Joan bezpera izanik, autara botako dituzte patronalen proposamen «erregresiboak». Langileek beren aldarrikapenak ere erreko dituzte.

Bihar ere beste greba egun bat antolatu dute, Bilboko Arriaga plazatik abiatuko dena, 12:00etan. Kale Nagusian amaituko dute mobilizazioa, patronalaren egoitzaren aurrean.

Gipuzkoan ere bai

ELAk eta LABek greba egun batera deitu dute gaur Gipuzkoako ehungintza sektorean. «Pikete informatiboak» egin dituzte goiz-eguerdi aldera Donostiako kaleetan, baita Urbil, Txingudi eta Mendibil zentro komertzialetan ere.

Adegi eta Gipuzkoako Merkatariak patronalei eskatu diete Gipuzkoako sektorearen «errealitatea» jasoko duen hitzarmena onartzeko. Izan ere, egoerak okerrera «nabarmen» egin duela salatu dute. 2.262 langilek dihardute Gipuzkoan ehungintzan, eta lan hitzarmen desberdinetan biltzen dira haien baldintzak: batzuenak, 2006-2009 artekoan (soldatak izoztuak dituzte); besteenak, 2010-2018 artekoan. Dena dela, egungo egoera larria hobetuko duen hitzarmen kolektibo bat eskatu dute gaur langileek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.