Bizkaiko metala

Bizkaiko metaleko hitzarmena lortzeko jarrerak «oso urrun» daudela adierazi dute sindikatuek

Bizkaiko metaleko langileek lehen greba eguna izan dute gaur, eta manifestazioa egin dute Bilbon. Beste bi greba egun dauzkate deituta ekainaren 30erako eta uztailaren 1erako.

Goizean egin dute manifestazioa Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Javi West Larrañaga.
2022ko ekainaren 23a
13:20
Entzun

«Joan den astean bildu ginen patronalarekin, eta esku hutsik etorri ziren mahaira. Benetako eskaintza bat daukatenean egingo dugu berba». ELA sindikatuko Mikel Etxeberriak azaldu zuen atzo nola Bizkaiko metalgintzako lan hitzarmenaren negoziazioan langileen eta patronalaren jarrerak «oso urrun dauden» elkarrengandik.

Bizkaiko metaleko sindikatu guztiek deituta, manifestazioa egin zen atzo Bilbon, Hitzarmen duin baten alde, Bizkaiko metala greban leloarekin. FVEM Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioaren egoitzatik abiatu zuten protesta, eta patronalari eskatu zioten negoziazioak desblokeatzeko.

«Urrun baino urrunago»

Bizkaiko metalaren produkzioa «eten» egin du protestak Etxebarriaren hitzetan, eta zorionak eman dizkie langileei horregatik. CCOOko Unai Orbegozok azaldu duenez, greben erantzuna %80-85 ingurukoa izan da. Hark ere zoriondu ditu langileak, «eskainitako arduragatik» eta «erakutsitako klase duintasunagatik».

Sindikatuek hamazazpi puntuko eskaera aurkeztu zioten patronalari maiatzean, eta, ELAko Etxebarriaren arabera, bakarrik soldata igoeraren eskaerari erantzun dio patronalak. «Patronalak %2,5eko soldata igoera eskaini digu aurten, eta iazko KPIa %6,5ekoa izan zen. Datorren urterako %2,5eko igoera eskaini digu, eta gaur egun KPIa %8tik gora dago. Urrun baino urrunago gaude».

Hainbat dira sindikatuen eskaerak langileen soldata KPIaren gainetik igotzeaz gain: antzinatasuna desizoztea —sindikatuen arabera, 1993ko indize berak erabiltzen ari dira—; lanaldia murriztea eta malgutasuna mugatzea; jarduera guztietarako subrogazioa ahalbidetzea; errelebo kontratua derrigorrez aplikatzea; aldi baterako enpresen bidezko kontratazioa mugatzea, eta lan istripuen, gaixotasunen eta heriotzen kalte ordainak hobetzea. Gainera, telelana arautzeko eta berdintasunaren aldeko neurri zehatzak jartzeko eskatu diote patronalari. Bide beretik, kontziliaziorako eta zaintzarako neurriak ere galdegin dituzte.

Enpresa handietan ere bai

Patronalak negoziazioei ekin ezean, greban jarraituko dutela adierazi dute sindikatuek. LABeko Iratxe Azkuek FVEMi egin dio galdera: «Noiz arte luzatu nahi du gatazka FVEMek?». Azkuek adierazi du «enpresak hustu» eta «kaleak bete» dituztela. Grebaren erantzuna «oso zabala» izaten ari dela gaineratu du, baita zenbait enpresa handitan ere. «Arcelor Sestao geldi dago, eta Nervacero, Tecuni, Arteche Hermanos, Gestamp Bizkaia, CIE Automotive eta beste hainbat enpresatako langileak kalera irten dira». Aipamen «berezia» egin die goizeko 4:30etatik piketeetan egon diren langileei. «Ertzaintzaren oztopo guztien gainetik hemen gaude. Horrek esan nahi du metalgintzako langileak prest gaudela lan baldintzen alde borrokatzeko».

Manifestazioaren bidean beste protesta batzuekin gurutzatu dira metaleko langileak, hala nola Madres Mercedariasekoekin, nagusien egoitzetakoekin, pastelgintzakoekin eta Zarakoekin, eta elkarri txalo egin diote langileek. «Gora, gora, gora, langileon borroka» oihukatu dute orduantxe. Arriaga Plazaren parean amaitu dute manifestazioa, eta bukaeran Zutik, emakumea; Internazionala eta Eusko Gudariak abestu dituzte beharginek, ukabilak altxatuz.

Bizkaiko metalgintzako sektorea Euskal Herriko handiena da. 52.000 langile inguru ari dira bertan lanean, sindikatuen datuen arabera, eta hainbat enpresak erabiltzen dute sektore horretako lan hitzarmena oinarri moduan. ELAk dauka ordezkaritzarik handiena negoziazio mahaian, %40,05ekoa. CCOOk % 25,18koa du; LABek, %21,57koa, eta UGTk, %13,20koa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.