Migratzaileak

Sizilian porturatu da 'Aita Mari', «azkar»

Erreskate ontziak Mediterraneoan jasotako 112 migratzaileak lehorreratuak dira jadanik. Mediku azterketak egin dizkiete, eta onik dira guztiak.

'Aita Mari' erreskatze ontzia Mediterraneo itsasoan, joan den ekainaren 17an. ITSAS SALBAMENDUA
Uxue Rey Gorraiz.
2022ko ekainaren 23a
14:58
Entzun

Aita Mari ontzia lur hartua da jadanik. Siziliako Augusta portuan lehorreratzeko baimena jaso zuen atzo ontziak. Gaurko aurreikusi zuten pausoa ematea, eta goizeko 9:00 aldera erdietsi dute azkenik. Emandako informazioaren arabera, porturatzea prozesu «azkarra» izan da, «uste baino azkarragoa»; hala azaldu du erreskate ontziko boluntario Izaskun Arriaranek zabaldutako audio batean aditu daitekeenez.

Halaber, Arriaranek azaldu du ontzian izan diren migratzaile guztiak onik direla. Zehaztu duenez, mediku azterketa lasterrak egin dizkiete portura iritsi berritan. Proba horietan, migranteetako hamabostek sukar pixka bat zutela ikusi dute, eta COVID-19 detektatzeko testak egin dizkiete, hortaz. Bakar batek ere ez du positibo eman, eta trabarik gabe lehorreratu ahal izan dira haiek ere.

«Lasaitasuna da nagusi, eta izugarrizko poza dute denek», adierazi du ontziko boluntarioak. Bidea eta iritsiera «hunkigarriak» izan direla esan du, baina baita «tentsioz betea» ere. Izan ere, nabarmendu du azken egunotako erreskate lanak zailak izan direla. Kontatu duenez, «batere errazak izan ez diren» egoera askori egin behar izan diete aurre. Orain, tripulazioa berriz osatzeko ahaleginetan dira ontzikoak, Siziliako portutik atera ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.