Europako Batasuna

Europako funtsetatik 1.090 milioi euro jaso dituzte Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak

Eusko Jaurlaritza kexu da funtsen banaketa oso motel doalako, eta etsita dago Espainiako Gobernuaren banaketa zentralistarekin.

Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia sailburua, Eusko Legebiltzarrean, gaur. IREKIA
Iker Aranburu.
2022ko ekainaren 24a
12:23
Entzun

Iristen ari dira, baina behar baino motelago eta eskasago. Hori da, laburbilduz, Eusko Jaurlaritzak Europako Batasuneko Next Generation funtsei buruz egin duen balorazioa. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak egin du, Eusko Legebiltzarraren funts horien egoeraz egindako agerraldian.

Diru horiei buruz mintzatzen den aldiro egiten duen bezala, funtsen kudeaketari buruz Espainiako Gobernuak ezarritako irizpideak kritikatuz hasi du agerraldia Azpiazuk. Jaurlaritza kexu da Madrilek diruaren banaketa zentralizatu duela, eta kontrakoa egin beharko lukeela uste du, deszentralizatu: «Autonomien estatutuaren funtsa errespetatzeaz gain, kudeaketa arinagoa izango zukeen».

Baina gauza bera hainbeste aldiz alferrik eskatu ondoren, etsipen puntu batekin mintzatu da sailburua. «Formula dagoena da, eta oraintxe oso pragmatikoak izan behar dugu, eta ahalik eta Europako funts gehien erakartzen saiatu».

Eginahal horren emaitza 1.090 milioi euro dira, Espainiako Gobernuak banatutako diruen %4,79. Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak Espainiako Erresumaren ekonomian duen pisutik behera (%5,9), baina biztanle kopurutik gora (%4,6).

Jaurlaritzak, 856 milioi

Diru horren zatirik handiena Jaurlaritzak jaso du, 856 milioi euro, baina Azpiazuk azaldu du horien banaketari buruz ezer gutxi erabaki dezakeela Gasteizko gobernuak, helburu finalista duelako. Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 143 milioi euro gastatuko ditu zuzenean, eta tokiko erakundeek 90 milioi eskuratu dituzte.

Jaurlaritzak jasotako dirutik, 266 milioi banatuak ditu, diru laguntzen deialdien eta kontratuen bidez nagusiki. Urtearen bigarren erdian beste 289 milioi euro banatzeko deialdiak izango direla aipatu du Azpiazuk.

Oro har, ordea, Europako funtsen exekuzioa oso motel doala ziurtatu du sailburuak. Europako Batzordearen kontabilitatearen arabera, iaz 2.400 milioi euro baizik ez zituen exekutatu Espainiak. MRR funtsetatik 2021. eta 2022. urteetan Espainiak jaso beharreko 52.000 milioietatik 23.000 milioik (%44) dagoeneko badute helburu bat, «baina horrek ez du esan nahi exekutatuta daudenik».

Datuak «oso kezkagarriak» iruditu zaizkio Azpiazuri. Horregatik, Madrili eskatzen ari da abian dauden prozesuak bizkortzeko, «funtsak garaiz eta modu onean iristeko Euskadiren sare sozial eta ekonomikora, hori baita garrantzitsuena».

ESEPEen diruaren zain

Erakunde publikoek jasoko duten diruaz gain, enpresetara, ikerketa zentroetara eta beste erakunde pribatuetara joango diren diruak daude, ESEPE izeneko programa estrategikoetan bilduta. Azpiazuk azaldu du dagoeneko 11 ESEPE onartu dituela Madrilek, «baina haien garapena hasieran dago, eta, batetik bestera desberdintasun handiak daudenez, ekoizpen sarean ezinegona hedatzen ari da». Jaurlaritzak ez ezik, Espainiako Bankuak eta Airef kontu publikoen ikuskatzaileak ere ohartarazi dute atzerapen horrek kalte egiten diola funtsek izango duten eragin ekonomikoari.

Espainiako Gobernuak onartutako ESEPEen artean, bi daude aurreratuen, eta «garrantzi handikoak dira euskal ekonomiarentzat»: ibilgailu elektrikoarena eta abangoardiako osasunarena. Hiru lurraldeetako 80 enpresak eta ikerketa zentrok eskatu dute dirua beren proiektuetarako.

Ibilgailu elektrikoaren programan, ibilgailuen fabrikazioaren balio kate osoa ordezkatzen duten enpresak aurkeztu dira, eta bi aipatu ditu Azpiazuk: Irizar, Capital egitasmoarekin, eta Mercedes, Basquevoltekin. Deialdia ebazteko zain daude.

Abangoardiako osasunaren ESEPEan, berriz, Biodonostiak, Biocrucesek, Bioarabak, CIC Biogunek, Kronikotasunari Buruzko Ikerketaren Nazioarteko Bikaintasun Zentroak eta EHUk lortu dute finantzaketa.

Eskualdeko ESEPEak

Azpiazuk agerraldia baliatu du bere aspaldiko eskaera bat berriro egiteko: eskualdetako ESEPEak egin ahal izatea. Hau da, autonomia erkidegoek beren programa estrategikoak aurrera ateratzeko programa bereziak egin ahal izatea. Izan ere, sailburuak ziurtatu du beretzat estrategikoak diren arlo batzuk ez daudela behar bezala jasota Espainiako Gobernuak erabakitako ESEPEetan, hala nola espezializazio adimenduneko RIS3 estrategian.

Eskualdeko ESEPE horiek egin ahal izateko bidea Next Generation planeko maileguak izan daitezkeela adierazi du Azpiazuk. Transferentzietan banatutako diruaz gain, EBk 70.000 milioi euroren maileguak jarriko ditu Espainiako Gobernuaren eskura bigarren epe batean. Diru horren banaketari buruzko asmoak «erabateko hermetismoz» ari da lantzen Madril, Jaurlaritzaren ustez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.