Suteak

LABek Nafarroako Barne zuzendariaren dimisioa eskatu du

Sindikatu abertzalearen irudiko, «premiazkoa» da suhiltzaileen zerbitzua berrantolatzea eta indartzea. Salatu dute baso suteetan ez dela egon aurreikuspenik eta alertarako gaitasunik.

LABeko suhitzaileen atalak egindako prentsaurrekoa. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2022ko ekainaren 24a
12:40
Entzun

LABek salatu du berdin diola alerta egoera zero mailakoa (leunena) edo laugarren mailakoa (larriena) izan, «beti berberak» baitira Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak eskura dituen langileak eta baliabide materialak. «Larrialdi egoera bat aktibatu ala ez, guardiako suhiltzaileen kopurua gutxieneko zerbitzuena da», nabarmendu du Urko Araiz suhiltzaile zerbitzuko LABeko ordezkariak.

Ikusi gehiago:Oihan Mendo, Garesko alkatea «Amorrua eta pena dugu, altxor ekologiko bat galdu dugulako»

Gaur Iruñean emandako prentsaurrekoan, adibide gisa jarri du ekainaren 14an Leire mendilerroan sutea piztu zenean Zangozako parkean hiru suhiltzaile baino ez zeudela laneko txandan. «Hori da ezarritako gutxienekoa, eta, praktikan, egunerokoan gehienekoa dena».

LABek azpimarratu du urteak daramatzatela zerbitzuaren gabeziak salatzen, eta bi asteotan bizitako egoerak «inoiz baino nabarmenago» utzi duela gabezia hori. Adibidez, langileei dagokionez, «orain dela hogei urteko langileria bera» mantentzen da: hiru suhiltzaile parke bakoitzeko. «Hori ez da nahikoa egun ditugun zerbitzu guztiei erantzuteko».

Baso suhiltzaile gutxi

Baso suhiltzaileak ere falta direla deritzote. «Salatu nahi dugu kanpainetarako gutxieneko langileak kontratatzen dituztela oraindik ere, eta hori ez dela nahikoa». Gaineratu dute atal hori egonkortzeko egin den deialdi prozesua ez dela nahikoa.

Agintariei dagokionez, salatu du egitura operatiboa «oso kaskarra» zela legealdi hasieran, eta orain are gehiago okertu dela. «Barne Zuzendaritza Nagusiak epe laburreko konponbideak baino ez ditu bilatu 2020-2023 aldiko Plan Estrategikoan atzemandako okerrak zuzentzeko. Adibidez, gaur egun, buruzagitza operatiboen %50 aldi baterako okupatuta daude».

Horregatik, Amparo Lopez Nafarroako Gobernuko Barne zuzendariaren dimisioa eskatu du, baso suteen kasuan ez delako egon aurreikuspenik, ezta alerta gaitasunik eta prebentzio neurririk ere. Sindikatuaren aburuz, Suhiltzaileen Zerbitzua indartu eta berrantolatu beharko litzateke.

Talde espezialista

Adibidez, LABek uste du talde espezialista bat sortu beharko litzatekeela oihanetako suteak itzaltzeko eta prebentziorako. Gainera, helikopteroetan aritzen den taldean langile gutxiago daude, eta horrek erantzuteko gaitasuna apaltzen du. «Egitura, langile eta antolakuntza gabeziei, babes eta segurtasun ekipamenduetan, parkeetan, ibilgailuetan eta ordainsarietan egindako inbertsioa hobetzeko beharra gehitu nahi diegu, 2002. urtetik aurrera suhiltzaileen kasuan gelditu egin baitira», aipatu du Urko Araizek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.