Migratzaileak

Gutxienez 37 migratzaile hil dira Melillako hesia gainditzeko azken ahalegin jendetsuan

Ostiralean, 2.000 lagun baino gehiago saiatu ziren Nador (Maroko) eta Melilla (Espainia) arteko labandun hesia zeharkatzen. SOS Arrazakeriak elkarteak bilkura batera deitu du biharko, Donostian.

Migratzaileak Nadorko kalean pilatuta. AMDH NADOR, @NADORAMDH
Jon Ordoñez Garmendia - Gorka Berasategi Otamendi
2022ko ekainaren 25a
10:39
Entzun

Marokok eman dituen datuen arabera, hemezortzi migratzaile hil ziren atzo, Nador eta Melilla arteko muga zeharkatzeko ahaleginean, baina «tragedia» are latzagoa izan dela adierazi du Caminando Fronteras GKE gobernuz kanpoko erakundeak. Oraingoz, 37 migratzaileren heriotza baieztatu dute, eta giza eskubideen aldeko beste hiru elkarterekin batera ohar batean salatu dutenez, kopuru hori handitu egingo da ziurrenik.

Caminando Fronteras, Giza Eskubideen Marokoko Erakundea, Marokoko Saharaz Hegoaldeko Afrikako Komunitateen Kolektiboak eta Egoera Zaurgarrian Dauden Migratzaileen Laguntzarako Elkarteak azaldu dute ehunka lagun zauritu zirela atzo, muga zeharkatzeko saiakera masiboan. Zaurituak izan ziren «bai migratzaileen aldean, baita Marokoko indar polizialen aldean ere». Gaineratu dute «aldez aurretik idatzitako drama bat» izan dela atzo gertatutakoa.

Goizeko lehen orduan hasi zen saiakera, 06:40ean. Gurugu mendian zeuden 2.000 migratzailek jo zuten hesira, eta aitzurrekin zulatzea lortu zuten, MAP Marokoko albiste agentzien arabera. Espainiara iritsi ziren 500 inguru, eta horietatik 130 harrera zentro batean sartu zituzten, Espainiako Gobernuak jakinarazi duenez.

Elkarteen esanetan, joan den martxoan, Marokok eta Espainiak immigrazioaren alorrean berriz ere elkarlana berreskuratu izanak migratzaileen kontrako indarkeria olde bat ekarri du bi estatuen eskutik. «Duela urte eta erdi baino gehiagotik, Nadorko migratzaileek ez dute sendagaietarako ezta osasun arretarako sarbiderik, beraien kanpalekuei su eman diete eta ondasunak arpilatu dizkiete, elikagaiak suntsitu eta kanpalekuetan zeukaten ur edangarri apurra konfiskatu diete. Espedizio zigortzaile horiek indarkeria espiral bat eragin dute bi aldeetan».

Horrenbestez, eta estatu indarrek neurrigabe jokatu dutela iritzita, gertakariak argitzeko ikerketak eskatu dituzte Espainian, Marokon eta nazioartean. «Hondamendi bat izan da gertatua, eta erakusten du migrazio politikak hilgarriak direla. Horren erantzukizuna nork duen argitzeko ikerketa bat egiteko eskatzen dugu», esan du Marokoko Giza Eskubideen Elkarteak Twitterreko argitalpen batean. Sare sozial horretan argitaratu dituen irudietan, Nadorko kaleetan migratzaile andana ageri da, pilatuta. «Dozenaka migratzaile daude larri zaurituta, eta kopuru horrek gora egingo du. Marokoren eta Espainiaren arteko azken akordioen ondorioa da».

Pedro Sanchez Espainiako presidenteak, berriz, Marokoko indarren «aparteko» jokabidea goratu du. Haren esanetan, «Espainiaren lurralde integritatearen kontrako bortxazko erasoa» eragotzi dute, eta «gizakiekin trafikatzen duten mafiei» egotzi die «eraso» horren ardura.

Guztiz bestelako iritzia dute migratzaileen heriotzak salatu dituzten elkarteek. Gogorarazi dute migratzaileen kontrako «indarkeria sistematikoak» nazioarteko zenbait eragileren gaitzespena jaso duela; besteak beste, Nazio Batuen Erakundearena. GKEek neurri horien erantzule egin dituzte Europako Batasuna eta haren estatu kideak, migratzaileen kontrako «politika kriminalak» finantzatzen aritzeagatik, bloketik kanpoko estatuekin migrazio fluxuak eteteko indarrean dituzten hitzarmenen bidez. Bruselari eta estatukideei galdegin diete migraziorako «bide seguruak» bermatzeko.

«Ehorzleak Marokoko eta Espainiako gobernuak dira, hesiak altxatu eta hedapen polizial/militar oso bat antolatzen dutenak, bizitzen eta errepresioaren kontura gure muga sakratuak urratzea eragozteko», adierazi du ohar batean SOS Arrazakeria elkarteak. Gertatutakoari erantzuteko, elkartzera deitu du biharko Donostian, 12:00etan, Alderdi Ederren, udaletxearen aurrean. «Ezin dugu horrelako munstrokeriarik onartu. Jar dezagun gure salaketa», adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.