Memoria historikoa

Epaileak deklaratzera deitu du Ernairen legezko ordezkaria, Buruntzako gurutzearen eraisketagatik

Gazte antolakundeak bere gain hartu zuen ikur frankista hori bota izana. Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioak jarri zuen haien aurkako salaketa.

2022ko ekainaren 27a
11:58
Entzun

Tolosako 3. Instrukzio Epaitegiak deklaratzera deitu du Ernairen legezko ordezkaria, Buruntza mendi tontorreko (Andoain, Gipuzkoa) gurutze frankistaren eraisketagatik. Monumentua abenduaren 18an bota zuten, eta gazte antolakundeak bere gain hartu zuen ekintza: «Herri honen askatasunerako bidean gazteok ez dugu faxismoaren omenaldirik onartuko».

Uztailaren 18an deklaratu beharko du epailearen aurrean, bideokonferentzia bidez. Gazte antolakunde horren aurkako salaketa Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioak jarri zuen. PPk akusazio partikular gisa aurkezteko eskatu zien Lasarte-Oriako, Andoaingo eta Urnietako udalei ere, frankistek eraikia izan arren «elkartzeko leku bat» zelako.

Buruntzako gurutzea 1939ko irailaren 3an zutitu zuten frankistek, 1936ko uztailaren 18ko estatu kolpearen alde «eroritako faxisten omenez». Hamar metro inguru garai zen.

Ez da Abokatu Kristauen Fundazioak Ernairen aurka jarritako salaketa bakarra. Gauza bera egin zuen Barakaldoko (Bizkaia) Cabo Quilatesen gurutzearen eraisketarekin ere, martxoan. Orduan ere, sentimendu erlijiosoen aurka egin izana, gorrotora bultzatzea eta ondarearen aurka egitea egotzi zieten, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.