GIZARTEA

Trans legearen egitasmoa onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak

Genero autodeterminazioa du ardatz arauak. Lege egitasmoan jaso dutenez, 16 urtetik gorakoek beren kabuz eskatu ahal izango dute sexu aipamena aldatzea.

Irene Montero Espainiako Gobernuko Berdintasun ministroa, gaur. J.J. GUILLEN / EFE
Edurne Begiristain.
2022ko ekainaren 27a
17:34
Entzun

Trans eta LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko lege proiektua onartu du gaur Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak. Pertsona horien eskubideetan sakontzeko aurrerapausoa garrantzitsua dela azpimarratu du Irene Montero Espainiako Berdintasun ministroak: «Estatuak izateko eskubidea aitortzen die».

Trabaz eta eztabaidaz beteriko bidea egin du arauak, eskuinean ez ezik, gobernu barruan ere hautsak harrotu dituelako —bereziki PSOEren barruko zenbait ahots aurka agertu dira—. Gainera, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak lege egitasmoaren hainbat alderdiren aurkako txostena kaleratu zuen apirilean, eta, besteak beste, gobernuari eskatu zion 18 urtera igotzeko epaileen baimenik gabe sexu aipamenean aldaketa egiteko gutxieneko adina. PSOEk eta Unidas Podemosek ondutako lege proiektuak, baina, 16 urtetan jartzen du muga hori. Lege egitasmoak uda ostean abiatuko du bide parlamentarioa.

DESPATOLOGIZAZIOA
Lege proiektuak sexu aipamenean aldaketa egiteko prozesua erraztea du helburu, eta, horretarako, genero identitatearen autodeterminazioa ahalbidetuko du. Hori hala, erregistro zibileko sexu aipamenean aldaketa eskatzeko ez da exijituko eskabidea egiten duenak inolako prozedura medikotan parte har dezala. Ez da galdegingo psikologoen oniritzirik edo mediku txostenik, ez eta erregistroko moldaketa egin nahi duen pertsonak bere gorputzean aldaketak egitea ere; ez hormona bidez, ezta ebakuntza bidez ere.

Sexu aipamena aldatzeko prozesua nabarmen laburtu nahi dute lege berriaren bidez. Aurrerantzean, eskatzailak dokumentu bat sinatuz adieraziko du bere nahia, bi fasetan: lehenbizi, inprimaki bat bete beharko du; gero, hiru hilabeteko epean, erregistro zibilean bigarren inprimakia aurkeztu beharko du, nahia berresteko.

ADIN MUGAK
Lege proiektuan jaso dutenez, 12 urtetik gorako herritarrek eskatu ahal izango dute sexu aipamenean aldaketa egitea. Hala ere, adinaren arabera hainbat muga ezartzen ditu. 16 urtetik gorako herritarrek beren kabuz eskatu ahal izango dute sexu aipamena aldatzea. 14 eta 16 urte artekoek ere egin ahalko dute eskabidea, baina baldintza batekin: tutoreek edo gurasoek lagunduta egin beharko dute. Lege proiektuak ez die genero autodeterminaziorako eskubiderik aitortzen 14 urtetik beherakoei. 12 eta 14 artekoek sexu aipamena aldatu nahi izanez gero, epai batek eman beharko die horretarako onespena. Gainera, halako kasuetan, epaileak froga dokumentalak edo lekukotasunak galdegiteko aukera izango du, beharrezkotzat jotzen badu. 12 urtetik beherakoek izena aldatu ahal izango dute nortasun agirian.

ESKUBIDEAK
LGTBI kolektiboaren eskubideak bermatzeko neurriak jasotzen ditu lege egitasmoak. Alde batetik, pertsona horien diskriminazioaren aurkako neurriak proposatzen ditu enpleguaren, osasunaren, hezkuntzaren eta administrazioaren esparruetan. Eta, bestetik, ernalkuntza tenikak erabiltzeko eskubidea eta sarbidea aitortzen diete emakume lesbianei, bisexualei, bikotekiderik gabeei eta haurdun gera daitezkeen transei —azken horiei dagokienez, Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu du sei hilabeteko epean eskubide hori bermatuko diela agindu baten bidez—. Gainera, Zigor Kodea erreformatuko da ezkontzeko beharrik gabe seme-alaben gurasotasuna aitortua izateko.
Horretaz gainera, konbertsio terapiak debekatu egingo dira. Halaber, oinarrizko eskubideak arautuko zaizkie intersexualei; esaterako, jaiotzean mutilaziorik ez jasateko eskubidea, eta bizitzako lehen hilabeteetan definitua ez duten sexu batean inskribatu beharrik ez izatekoa.

ISUNAK
Lege egitasmoak isunak aurreikusten ditu sexu orientazioagatik edo genero identitateagatik diskriminatzen duenarentzat. 200 eta 150.000 euro artekoak dira isunak. Arau hauste larritzat joko da, besteak beste, ikasliburuetan bazterketa mezuak sustatzea sexu identitateagatik, genero adierazpenagatik edo sexu ezaugarriengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.