AEB-ak

Gutxienez 46 migratzaile hilik topatu dituzte kamioi batean

Ibilgailuak ez zuen aireztapenik, eta beroak itota hil direla uste dute agintariek

AEBen eta Mexikoren arteko muga, El Pason. YURI GRIPAS / POOL / EFE
2022ko ekainaren 28a
08:03
Entzun

Gutxienez 46 pertsona topatu dituzte hilik San Antonion (Texas, AEB), errepide bazterrean abandonaturiko kamioi batean. Larrialdi zerbitzuek esan dutenez, litekeena da beroagatik eta deshidratazioagatik hil izana, aireztapenik gabe baitzeuden gorpuak kamioian, eta urik gabe. Azken egunotan ia 40 graduko tenperaturak izan dituzte inguruan.

Beste 16 pertsona erietxera eraman dituzte. Lau haur daude horien artean.

Mexikoko mugatik gertu dago San Antonio (250 kilometrora), eta, lehenengo hipotesien arabera, handik letorke etorkinez beteriko kamioia. Mexikoko agintariek esan dutenez, erietxera eramandakoen artean Guatemalako bi herritar daude, baina ez dute esan gainerakoak nongotarrak ziren.

Euskal Herrian gauerdia zenean heldu dira larrialdi zerbitzuak kamioira. Gidariak abandonatu egin zuen. Agintariek ez dakite zenbat denbora pasatu zuten etorkinek kamioiaren barruan.

Hiru pertsona atxilotu dituzte gertaerarekin lotuta, San Antonioko Poliziako buru William McManusek baieztatu duenez. Hiriko alkate Ron Nirenbergek etorkinak mugaz gaindi eramaten dituzten sareei leporatu die ezbeharraren erantzukizuna.

Lehen ere gertatu dira halakoak San Antonion. 2017an, hamar etorkin topatu zituzten hilik antzeko kamioi batean.

Texasko prentsaren arabera, kamioia topatu duten lekuan ohikoa da ibilgailuak gelditzea etorkinak jaisteko, muga legez kanpo igaro ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.