Lan gatazkak

Mercedesen, beste hiru greba egun proposatu dituzte ELAk, LABek eta ESK-k datorren asterako

Sindikatuen arabera, ekoizpena geratzea lortu du gaur ere, langileen gehiengoa ez baita lanera joan. Arratsaldean egingo dute manifestazioa, hiru sindikatuek deituta. Langile batzordeari proposatu diote datorren astean beste hiru protesta egun antolatzea.  

ELAk, LABek eta ESK-k aurreko asteazkenean egin zuten manifestazioa, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA/FOKU
aitor biain
2022ko ekainaren 29a
10:45
Entzun

Gasteizko Mercedes Benz lantegian lanuztea egiten ari dira gaur bigarrenez, lan hitzarmenaren negoziazioen harira. ELAk, LABek eta ESK-k deitu dute grebara, langile batzordeko gainerako sindikatuek protesta elkarrekin egitea baztertu zutelako azkenean. Hiru sindikatuen arabera, ordea, erantzun ona izaten ari da deialdia: ekoizpena geratzea lortu dute, aurreko asteazkenean egin bezala, langileen gehiengoa ez baita lanera joan gaur. Arratsaldean manifestazioa egingo dute, gaueko seigarren lan txanda ez ezartzea eta soldatak KPIaren arabera eguneratzea aldarri hartuta, besteak beste.

Goizean goizetik piketeak egin dituzte lantegiaren sarreran, baina ez da istilurik izan. «Erabateko arrakasta izan da greba beste behin. Langileen %95 inguruk egin dute bat deialdiarekin, eta ia inor ez da lanera joan», adierazi dio Igor Gebara langile batzordeko presidenteak (ELA) BERRIAri. Izan ere, lanuztea ELAk, LABek eta ESK-k antolatu badute ere, gainerako sindikatuek ere babestu dute deialdia, nahiz eta ez duten parte hartu elkarretaratzean, Gebarak azaldu duenez.

Hain zuzen ere, gaurko erantzun zabal hori ikusita, hiru sindikatuetako ordezkariek eta langileek erabaki dute datorren astean beste hiru protesta egun antolatzea, eta hala helaraziko diote langile batzordeari. Batzar irekia egin dute goizean Buesa Arena pabiloiaren ondoan; langile eta sindikatu guztiei zuzendutako batzarra zen, baina soilik CCOO bertaratu da, Gebarak esan duenez. «Askotariko ekarpenak eta eztabaidak izan ditugu, eta erabaki dugu ostiraleko deialdia bertan behera uztea, eta datorren astean beste hiru egun antolatzea».

Hain zuzen ere, sindikatuek aurreko asteko bileran adostu zuten ekainaren 30ean eta uztailaren 6an grebara elkarrekin deitzea, langile batzordearen batasuna irudikatzeko asmoz. ELAk, LABek eta ESK-k nahi dute, ordea, data horiei uztailaren 7a eta 8a ere gehitzea, hau da, datorren asteko ostegunean eta ostiralean ere greba elkarrekin antolatzea. «Batzarrean argi geratu da, edonola ere, langile batzordeak proposamena onartzen ez badu ere lanuztera deituko dugula eta langileek greba egingo dutela», zehaztu du Gebarak.

Biharko greba, batera
Joan den asteazkenean ekin zieten Mercedeseko sindikatuek lanuzteei. Inoiz ez bezalako erantzuna izan zuen deialdiak –5.000 behargin inguru zeuden grebara deituta, eta %95 inguruk egin zuten bat, sindikatuen arabera–. Ordea, agerian geratu zen langile batzordearen zatiketa, lan itunaren edukien desadostasunak bultzatuta. Ez zen pankarta bateraturik egon, eta protesta ere bi bloke sindikaletan egin zuten.

Ordutik langile batzordearen batasuna lortzen ahalegindu dira ELA, LAB eta ESK. Izan ere, iritzia aldatu eta beste sindikatuei proposatu zieten aste osoan egin beharrean soilik gaur eta bihar egitea lanuzteak, sindikatu guztien artean. UGTk, CCOOk, PIMek eta Ekintzak ez zuten onartu, ordea. Horren ordez, bi greba egun adostu zituzten: ekainaren 30a eta uztailaren 6a.

Bihar, beraz, lanuztea ez ezik protesta ere elkarrekin egingo dute Mercedes Benzeko sindikatu guztiek. Eta, lan malgutasunaren ordez, soldata igoera izango dute aldarrikapen nagusi, puntu horretan bat datozelako guztiak. «Pankarta bakarra izango dugu, batzordean hala erabaki zelako. Hala ere, nork bere aldarrikapenak izango ditu». Arabako metalgintza sektorean deitutako mobilizazioekin batera egingo dute, gainera. Manifestazioa egingo dute goizean, 11:30ean, Bilbo plazatik hasita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.